Iruzur fiskalak saihesteko, Eusko Jaurlaritzaren eta EAEko hiru foru aldundien artean partekatutako proiektua da TicketBAI (TBAI). Hala, datorren urtarrilaren 1etik aurrera, Gipuzkoako Foru Ogasunak TBAI sistema ezarriko du; eta 2022 urtean zehar, pixkanaka, sektore ekonomikoen arabera hedatuko da derrigortasuna.

TBAI sistema indarrean sartzen denean, jarduera ekonomikoren bat egiten duen edozein pertsona fisikok nahiz juridikok TBAIren baldintzak betetzen dituen fakturazio-sistemaren bat erabili beharko du. Ekimenak zenbait betebehar legal eta tekniko ditu eta negozioek beren ekipamendu informatikoak egokitu beharko dituzte.

Banakako aholkularitza

Egokitze prozesu horretan, Udal Elkarteak laguntza eskainiko die eskualdeko merkataritza eta zerbitzu enpresei. Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin lankidetzan, programa bat osatu du eta negozio bakoitzaren egoeratik eta beharretatik abiatuta, banakako aholkularitza eskainiko die.

Azaroaren 30era arte egongo da zabalik izen-ematea. Plaza kopurua mugatua da eta aholkularitza izen-emate hurrenkeraren arabera eskainiko da. Izena emateko edota informazio gehiago jasotzeko, 943 890 808 telefono zenbakira deitu edo enpresa@urolakosta.eus posta elektronikora email bat idatzi beharko da.

Argazkia: Ekon