Getarian, gizonezko bat akusatu dute bere neskalagun ohia bortxatzeagatik, hari tratu txar fisikoak nahiz psikologikoak eragiteagatik, heriotza-mehatxuak egiteagatik eta bere borondatearen kontra atxikitzeagatik. Delitu horiengatik, fiskaltzak 18 urte eta hilabete bateko kartzela zigorra eskatu du. Akusazio partikularrak, berriz, 21 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat.

Bi egunez Getariako pisu batean giltzapetuta eduki ostean, biktimak ihes egitea lortu zuen. Gertaera horiek 2020ko abuztuaren 13an jazo ziren akusatuaren etxean. Espetxe zigorraz gain, auzipetuak biktimari 3.379 euroko kalte-ordaina ordaintzea eta 11 urtez, biktimarengana gerturatzeko nahiz berarekin komunikatzeko debekua eskatu du fiskaltzak.

Ohar baten bitartez, eraso horiek gaitzetsi ditu Mariñak Getaiko Talde Feministak. Bertan, adierazi du “indarkeria matxistaren errealitate gordina ezagutu arren, eraso baten berri izaten dugun bakoitzean, haserreak hartzen gaitu, onartezina delako oraindik ere horrelakoak gertatzea. Oraingoan, herrian bertan”. Biktimari elkartasuna adierazteaz gain, erakundeei “zor zaion laguntza emateko” eskatu die, eta nabarmendu du “indarkeria matxista errotik sostengatzen duten genero sistema eta botere harremanak deuseztatzeko lanean segiko” duela.  Hemen klikatuta irakur daiteke idatzi osoa.

Lotutako albisteak: