Getaian emakume bat jazarria, bahitua, kolpatua eta bortxatua izan zela jakin dugu egunkariko albistea irakurrita. Getaian, iazko udan. Epaiketa martxan da eta fiskaltzak, akusazioak bezala, zigor eskaera handiak egin ditu.

Edonori gerta dakiokeela esan genuen bi egun lehenago plazan egindako elkarretaratzean. Indarkeria matxistaren errealitate gordina ezagutu arren, eraso baten berri izaten dugun bakoitzean, haserreak hartzen gaitu, onartezina delako oraindik ere horrelakoak gertatzea. Oraingoan herrian bertan.

Egunkarian eman duten informazio sentsazionalistak morbotik egiten du kontakizuna, xehatsunetan jartzen du fokoa. Uste dugu ez duela laguntzen arazoari aurre egiten eta emakumea berriz biktimizatzen duela.

Aldiz, gure buruari galdetzen diogu emakumea nola ote dagoen horrelako zerbait pairatu eta gero; zein laguntza eta erreparazio jaso dituen salaketa jarri ondoren. Ez dakigu nor zaren eta ezin lagundu, baina gure elkartasun guztia adierazi nahi dizugu. Erakundeei eskatzen diegu zor zaizun laguntza emateko, dena gutxi izango delako.

Plazan elkarretaratze iraunkor bat egin ezin; baina gure ahotsa ozen altxa nahi dugu berriro ere, emakumeari elkartasuna adierazteko, erakundeei politika publiko aktiboak eskatzeko. Herritarrei berriz gogorarazi horrelako egoeraren batean dagoen norbait ezagutuz gero edo norbera horrelako zerbait bizitzen ari bada, gizarte zerbitzuetara jo dezala laguntza eskatzera, baina, larrialdia bada 112ra deitzeko.

Nazkatuta eta haserre gaude. Indarkeria matxista errotik sostengatzen duten genero sistema eta botere harremanak deuseztatzeko lanean segiko dugu. Eraso hau ez da gertakari isolatu bat, bizi garen jendartearen antolaketa sakonki sexistaren emaitza baizik.

Gure bizitzak direlako jokoan daudenak, autodefentsa feministaren aldeko deia egiten dugu.

Dena aldatzera goaz!

Mariñak Getaiko Talde Feminista, 2021-10-18