Panelak Iturzaeta ikastetxearen teilatuan jarriko dituzte eta horien bitartez, hamabi udal eraikinetan behar den energiaren %25a lortuko da. Udalak, Nafarkoopen laguntzarekin, udal eraikinen kontsumo energetikoa aztertu eta autokontsumora ondoen egokitzen diren hamabi instalazio aukeratu ditu.

Ia 200 plaka horiek jartzeko, 84.579 euro inbertituko dira. Udaletik nabarmendu dutenez, jasotako diru-laguntzei esker, inbertsioa zortzi urtetan amortizatu eta urtero, energia kontsumoan, 8.592 euro aurreztuko dira; 30 urtetan, 192.756 euro. Horrez gain, “40 urtetan 655 tonelada CO2 isuri ekidingo lirateke”.

Energia Komunitateak

Bestalde, 2022ari begira, trantsizio energetikoaren inguruan beste dinamika bat jarriko da martxan herrian. Goinerrekin elkarlanean, herritarrekin Energia Komunitateak sortzeko lehen urratsak emango ditu udalak: “Komunitate horiei esker, Getariarrei energiaren inguruan eman behar diren pauso desberdinei buruz hitz egiteko eta erabakitzeko aukera zabalduko zaie”, ohartarazi du udalak.

Horrez gain, Europako diru-laguntza desberdinak baliatuta, ibilgailu elektrikoak kargatzeko punturen bat ezartzeko aukera aztertzen ari da udala.

Klima aldaketa eta ondorioak mugatzeko ikerketa

Egun, klima aldaketaren aurkako plana idazten dihardu udalak eta, Goiener eta Nafarkoop kooperatibekin elkarlanean, energia eraginkortasuna sustatu eta energia berriztagarriak ezartzeko ikerketa egin du: “Etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatzen duen eredu energetiko berri eta jasangarri bat lortu nahi da herrian eta horretarako trantsizio energetikoan urratsak eman nahi dira”.

Europar Batasunak hainbat neurri ezarri ditu 2030erako eta EAEko jasangarritasun energetikorako legea dela eta, Getariako Udalak ere hainbat konpromiso hartu beharko ditu datozen urteetan.