Pasa den denboraldian TKE Ligarako igoera lortu ondoren, ilusioz gainezka itzuli dira Getariako Arraun Elkarteko kideak entrenamenduetara; aurten ere, Ion Larrañaga prestatzailearen agindupean, erronka berriari aurre egiteko prest dira getariarrak.

“Denboraldi eta liga berriari martxa hartzeko gogotsu” dagoela adierazi du Xabier Goikoetxeak, Getariako Arraun Elkarteko lehendakariak. Urte berriari begira, “denborarekin zertarako gai diren” ikusiko dutela dio, eta bitartean “lanean gustura” dabiltzala azpimarratu du.

Historian lehenengo aldiz, onenen artean lehiatzeko erronkaren aurrean, aurpegi berri eta ez hain berriekin, taldeak indarberrituta ekin die entrenamenduei. Izan ere, lehen ere Esperantzan arraunean egindako Ion Etxeberria eta Julen Ibarbia getariarrak itzuli dira arraun elkartera.

Kanpotik etorritako arraunlarien artean ere, badira aurpegi ezagunak: “Bat San Pedrotik etorri da eta 2006an Getarian aritu zen arraunean; bestea, beranduago, Gorka Etxeberriaren garaian, gurekin egon zen eta orain San Juanetik etorri da”, adierazi du Goikoetxeak. Horiez gain, Lapurdi eta Orio B taldeetatik arraunlari bana etorri dela jakinarazi du.

Iazko denboraldiko arraunlarien artean, baja bakarra izan dutela nabarmendu du Goikoetxeak; hain zuzen, Joritz Lasarte ondarrutarrarena. Beraz, printzipioz, 23 arraunlarik osatuko dute Larrañagaren kuadrilla, eta “nahiz eta hasiera batean asko izan, konpetentzia ona” dela azpimarratu du.

Gaztetxoak ere martxan

Lehendik ere zenbait gazte arraunean ibili arren, iazko denboraldi onak, gazteak arraunera gerturatzerako orduan, eragin positiboa izan duela uste du Goikoetxeak. Guztira 15 bat neska-mutil dabiltza gaur egun arraun elkartean eta “nahi baino gutxiago izanda ere, beti norbait badabilela ikusteak poza” ematen duela adierazu du.

Banderen bedeinkapena

Igande honetan, 11:00etan, azken hiru denboraldietan irabazitako bederatzi banderen bedeinkapena egingo da Salbatore elizan. Getariako Salbatore Deuna Abesbatzak, gainera, arraunlarien omenez kantu bat egin du eta igandeko ekitaldian abestuko die kirolariei.

Lotutako albisteak: