Urtebeteko atzerapenarekin helduko da Korrika; 2022ko martxoaren 31n abiatuko da Amurriotik eta apirilaren 10ean amaituko da Donostian. Hala jakinarazi dute AEK-ko eta Korrikako ordezkariek gaur goizean hiriburuko San Telmo Museoan egindako aurkezpenean.

Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak esan duenez, “egun, oraindik, Korrikak jaiotzetik izan dituen bi helburuek oso bizirik diraute: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea”. Gaineratu du, AEK-ren ustez, “pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik” eta hargatik, oso garrantzitsua dela Korrikak ekarriko duen “euskararen aldeko uholdea berreskuratzea”.

Korrikaren 22. edizioa Hitzekin lelopean egingo da. “Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Ekiteko ordua da: euskara hitzetik ekintzara eramateko unea”, azaldu du Aitziber Balantzategi AEK-ko kideak. Konpromisotik abiatuta, urrats sendoagoak emateko eskatu die, besteak beste, erakundeei.

Euskararekiko konpromisoaren adibide gisa aipatu dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. Beraiek omenduko dituzte, hain zuen ere, Korrikaren hurrengo edizioan. Hizkuntzaren transmisioan egindako lana azpimarratu dute: “Transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute, eta zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten”.

 

Argazkia: Korrika.