Koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurrien berri eman zuen atzo Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Neurri horiek intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 150 kasutik gorakoa den udalerrietan jarriko dira indarrean gaurtik aurrera, eta neurri berrien ardura udalen esku utzi du Jaurlaritzak.

Egoera horren aurrena, Tonpe Getariako Guraso Elkarteak eta Lagunak taldeak jakinarazi duenez, larunbat honetarako aurreikusitako ekitaldiak ez dira egingo: “Herrian dauden COVID kasuak ikusirik, Alkate Txiki Eguna, oraingoz, bertan behera uztea erabaki du”.

Neurri berriak

Alde batetik, prebentzio neurriak bete ezin diren ekitaldi jendetsuak bertan behera utzi edo atzeratu beharko dira 150 kasutik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrietan, “jatekoa eta edatekoa dagoenetan interes berezia jarriz, horrek maskara ez erabiltzea errazten baitu”, gaineratu zuen Osasun sailburuak. Bestalde, ekitaldi jendetsuetan neurriak indartzea komeni dela azaldu zuen Sagarduik: “Jende pilaketak aurreikusten diren tokietan espazioak handitu; pertsonen fluxu ordenatua errazteko, pasabideak ezarri; elikagaiak nahiz edariak saltzeko eta kontsumitzeko guneak mugatu; eta ahal den heinean, jarduerak aire zabalean antolatu”.

Horrez gain, Osasun Sailak astean behin beharrean bitan (astelehenetan eta ostegunetan) argitaratuko du txosten epidemiologikoa, “udalen lana errazteko eta herritarrek pandemiaren bilakaeran duten inplikazioaz kontzientziatzeko balioko du” Sagarduiren arabera.

Era berean, sailburuak aurreratu du Eusko Jaurlaritzak baimena eskatuko diola EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari jarduera jakin batzuetan COVID ziurtagiria eskatzeko. 12 urtetik gorako pertsonentzat, honako toki hauetan eskatzea baloratzen ari dira: gaueko aisialdiko establezimenduetan, kontzertu aretoetan, dantzalekuetan, eta 50 pertsonatik gorako edukiera duten jatetxeetan.

Lotutako albisteak: