Urte luzeetan zehar getariarrek Juan Sebastian Elkano izenez ezagututako musika eskolak jada ez du deitura hori. Hemendik aurrera, herrian jaiotako figura musikal handiaren omenez, Getariako Pepita Enbil Musika Eskola Elkartea izena izango du Getariako musika guneak.

Izen aldaketa musika eskolak, Mariñak Getaiko Talde Feministak eta Getariako Udalak  elkarlanean sustatu eta gauzatutako ekimena da. Adierazi dutenez, xedeetako bat da “herriko musikarien figura berreskuratzea, eta horrekin batera, Pepita Enbili herri bezala zor zaion omenaldia egitea”. Ekimenaren sustatzailek balioan jarri nahi izan dute Enbilek Getariako herriaren memoria kolektiborako egindako ekarpen artistikoa, harrigarria iruditzen baitzaie sopranoaren bizitzaren inguruko ezjakintasuna.

Pepita Enbil Getarian jaio zen 1918an eta haurra zela hasi zen lantzen bizitza osoan zehar musikarekin izango zuen harreman estua. Donostiako kontserbatorian ikasi eta Donostiako Orfeoian, Eusko Abesbatza eta Eresoinka abesbatzetan hasi zuen bere ibilbide musikala. Gerora, Parisera joan zen musika ikasketak hobetzera. Harrezkero, opera abeslari gisa aritu zen munduko zenbait lekutan, Madrilen, Kuban, Puerto Ricon, Venezuelan, Kolonbian edo Mexikon, esaterako. Azken horretan, familiarekin konpainia propioa sortu zuen eta Zarzuelaren erregina ezizena jarri zioten.

Eskolaren izen-aldakearekin batera, Eneritz Tirados Getariako bizilagunaren eskutik, musika eskolako logoa berritu da. Hau guztia aurkezteko, azaroaren 22an, musikarien egunean, 18:30ean, ekitaldi bat egingo da musika eskolako atarian: opera aberaslariaren omenez, bere irudiarekin eta Eneritz Abruza herritarraren poema batekin osatutako plaka jarriko da.

Xixili Eguneko ekitaldia, asteartean

Aurten, ordea, musikarien eguna ohi baino beranduago ospatuko da, azaroaren 23an, hain zuzen ere. Musika eskolak berak ekitaldia antolatu du egun horretarako; 17:00etan, abiatuko dira ikasleak Berdura plazatik herria musikaz alaitzera.