Besteen ahotsak entzuteko aukera eskaini du orain arte Salbatore Abesbatzaren mendeurrenak. Atzo, ordea, etxekoen txanda izan zen, eta nabari zen elizan batutako jende multzoan.

Abesten hasi aurretik ekitaldiaren aurkezpena egin zuen Emeterio Urrestik. Ondoren, argitaratu duten Salbatore Deuna Abesbatza ehun urte. Ahotsen katedrala liburuaren nondik norakoak azaldu zituen Alvaro Bermejo idazleak. Bere laburpen txikian abesbatzaren sorreraren eta historiaren zertzelada batzuk eman zituen Bermejok.

Abesbatzako kideek arretaz jarraitu zituzten haren hitzak korutik. Kontzertuaren aurretik kontzentratuta antzeman zitezkeen, abestiak errepasatzen batzuk, behean zegoen publikoari begira besteak, gora eta behera antolaketan zebilena…

Ibilbidearen errepasoa egin eta joandako kideak omentzen zituen bideoaren ondotik heldu ziren lehen doinuak korutik. Izan ere, handik abestu zuen abesbatzak lehen kanta. Hura bukatuta, txalo artean jaitsi ziren elizako aldarera.

Jesus Aldalurrek zuzendu zituen hasierako kantak, eta azkenekoetarako Jazinto Isasti zuzendari ohia gonbidatu zuten. Hark koruaren ardura hartu zuenetik egindako jauzia azpimarratua zuten ekitaldi hasieran, eta denek txalotutako une hunkigarria izan zen bi zuzendarien agurra. Gora Elkano eta Getariako ereserkia abestu zituzten haren zuzendaritzapean.

Emanaldiaren amaierara heldu aurretik, bai Isastiri bai Aldalurri txapel bana eman zizkieten egindako lanaren esker onez.