Hilabetetako lanketaren ostean, gauzatu da Getariako Musika Eskolaren izen aldaketa. Hala, hemendik aurrera, Pepita Enbil Musika Eskola izango da Getariakoa. Atzo arratsaldean, musika eskolako sarreran jarritako plaka berria aurkezteko ekitaldi bat egin zen. Bertan izan ziren musika-eskolako ikasleak eta haien gurasoak, irakasleak, zuzendaritzako kideak, udal ordezkariak eta bertaratutako beste zenbait herritar.

Musika-eskolako txistu irakasleak jotako pieza batek eman zion hasiera ekitaldiari. Jarraian, Haritz Alberdi alkateak hartu zuen hitza eta izen aldaketa “urrats handia” dela nabarmendu zuen. Horrez gain, berretsi zuen iritsi dela, “aukeran nahi baino beranduago, ziurrenik, gure herriko txoko, plaza, kale izendegia… lupa morez begiratzen hasteko eguna”.

Era berean, emakumeek espazio publikoan lekua izan behar dutela aldarrikatu zuen Alberdik: “Emakumezkoek, Getariako emakumezkoek, herriari, gizarteari ekarpen handia egin diote… memoria hori berreskuratu eta lehen lerrora ekarri behar da. Ezabatuak izan diren horiek, izan zareten horiek guztiak espazio publikoan lekua izan behar dute, izan behar duzue”. Bestalde, Enbilek “Euskal Herritar bezala, abertzale bezala, herri honekiko agertu zuen konpromisoa” balioan jarri zuen Alberdik. Besteak beste, artearen bidez garaiko euskal gizarteak jasaten zuen errepresioa ezagutarazteko eta euskal kultura munduan zehar zabaltzeko, 1937an Eusko Jaurlaritzak eratutako Eresoinka taldeko kide izan baitzen getariarra.

Alkatearen atzetik, Karmele Martiarena musika eskolako zuzendaritzako kideetako batek Pepita Enbil zenari idatzitako gutuna irakurri zuen. Abeslariari merezitako aitortza bat egin zaiola azpimarratu zuen eta “harro” sentitzen dela izen aldaketaren prozesuan parte hartu izanagatik. “Ni neu ere getariarra izanik, emakumea, ama eta baita sopranoa ere, nire zatitxo bat izen honetan dagoela sentitzen dut. Era berean, musika eskola honetan dabiltzan emakume guztiek zatitxo bana dute izen berri honetan; denok musika maite dugulako, zuk bezalaxe”, azaldu zuen Martiarenak.

Amaitzeko, aurreskua dantzatu eta musika eskolako ikasleek Haurtxo txikia abestia kantatu zuten Martiarenaren gidaritzapean eta bi eskusoinuren laguntzarekin.

 

Lotutako albisteak: