Gaur, azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da eta udalak, egun honetako aldarrikapenekin bat eginez, adierazpen instituzionala argitaratu du. Nabarmendu du emakumeen aurkako indarkeria “larderiarako tresna indartsua” dela, “emakumeei zuzenduta, indarrean dauden genero-arauak desafiatu eta eralda ez ditzaten”.

Udalak konpromiso jakin batzuk hartu ditu bere gain: “Lanean jarraitzea berdintasunaren alde eta emakumeenganako eta ondorioz, haien seme-alabenganako indarkeriaren aurka; beraien eskumenen esparruan indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko eta esku hartzeko prozesuak hobetzea; Getariarrei dei egin jarrera aktiboa izan dezaten indarkeria matxistaren aurka. Era berean, etxe atariko leku deigarriren batean etxepeko administratzaileari buzoian utzitako eranskailua jartzera gonbidatzea”.

Ildo beretik, gaurko egunez antolatutako mobilizazioetan parte hartzera dei egin die herritarrei –Getarian ez da deialdi ofizialik egin–.

“Indarkeria bikarioa”

Adierazpenean, “indarkeria bikarioa”n jarri du arreta udalak: “Indarkeria bikarioa esaten zaio emakumeari, hirugarren pertsonak baliatuz, kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko egiten zaion biolentzia motari, zeinak ankerkeria-maila gorena lortzen duen haien erailketarekin”.

Azken lege-aldaketek jasotzen omen dute figura hori. “Hala ere, oraindik beharrezkoa da genero-indarkeria ukatzen duten, seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea”, gaineratu du Getariako Udalak.

“Emakumeen aurkako indarkeria bere seme-alaben bidez sistematikoki egikaritzeko modu horren aurrean, bai eta emakumeak kontrolatzeko, hertsatzeko eta kaltetzeko modu guztien aurrean ere”, euskal erakundeek indarkeria horri aurre egiteko erantzukizuna dutela azpimarratu du udalak.

 

Lotutako albisteak: