Nire aukera Urola Kosta argazki mosaikoarekin amaituko du Urola Kostako Udal Elkarteak 2021 urtean zehar bost udalerrietako merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko egin duen Nire aukera Urola Kosta kanpaina.  Hori dela eta, atzo hasita, telazko 1.000 erosketa poltsa banatuko ditu kanpaina amaierari babesa emateko.

Telazko poltsak doan banatuko ditu, baldintza batekin, ordea: kanpainari babesa emateko argazki bat ateratzea. Argazkiak telazko poltsak banatuko diren guneetan bertan atera beharko dira, eta argazki horiekin guztiekin, Nire aukera Urola Kosta argazki mosaikoa osatuko dute.

“Ahalik eta poltsa kopuru handiena banatzea” izango dela heburua adierazi du Udal Elkarteak, “kanpainaren alde ahalik eta atxikimendu gehien lortzea” alegia. Era berean, “eskualdeko biztanleek tokian tokiko kontsumoak duen garrantziaz ohartarazi eta eskualde bizi eta lehiakorra izateko gure merkatari eta ostalarien aldeko apustua egitea ezinbestekoa” dela nabarmendu du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Poltsen banaketa atzo asi zen Orion, bukatu, berriz, abenduaren 3an, egingo da, Aian. Getariaren txanda bihar, azaroaren 27an, izango da. Poltsak Kale Nagusian egongo dira eskuragarri, 11:00etatik 14:00etara. Zumaian ere bihar banatuko dituzte, eta Zarautzen gaur eta abenduaren 2an.

Argazki mosaikoarekin batera, kanpainari amaiera emateko, Urola Kostako ostalaritza eta merkataritza establezimenduen lehiakortasuna eta bikaintasuna nabarmentzeko helburuarekin, sektoreko protagonista ezbedinei grabatutako bideo testigantzak zabalduko dituzte.