Getariako Udala, Elizarekin elkarlanean, Getariako elizan dagoen ondarea berreskuratzeko bi lan egiten ari da. Alde batetik, elizaren sarreran dagoen hilobi hutsaren berreskurapen lanak. Udaletik jakinarazi dutenez, “1671n Don Pedro de Echave Asu itsasontzi-merkatariak elkanotarren hilobi gainean jarri zuen harribitxiaren egoerak okerrera ez egiteko, bertatik atera eta elizaren barrualdean jarriko da. Monumentu hori Juan Sebastian Elkano getariarraren memoriaren lehen oroitarria jasotzen duen ondarea da”. Hilarri barrokoaren zaharberritzea eta kokapen berriaren ardura Petra S. Coop eta Giroa Gallery enpresako adituen esku egongo da. Guztira 15.000 euro inguruko kostua izango dute lan horiek.

Bestetik, Salbatore elizako ate nagusiaren berreskurapen lanak egingo dira. Lan horiek, gutxienez, hiru mende izan ditzaketen haritzezko ateen zaharberritzean zentratzen dira. Javier Iturralde arotza arduratuko da zaharberritze lanez eta 10.177 euroko kostua izango dute.

Lan horiek egiteko, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du; guztira, 8.611 euro. Esku-hartzeen ondorioz sortu daitezkeen eragozpenak gutxitzen saiatuko direla ohartarazi dute Getariako Udalak eta Salbatore Elizak. Hilabete inguru iraungo dute lanek eta, bitarte horretan, herritarrengan sor daitezkeen eragozpen guztiak sentitzen dituztela adierazi dute bi erakundeek.

Udaletxea “saneatzeko” lanak

Bestalde, udaletxeko fatxada eraberritzeko lanak ere hasi dituzte. Haritz Alberdi alkateak hedabide honi azaldu dionez, aurreko urteko aurrekontuetan aurreikusitako lanak dira. “Udaletxeko leihoak aldatu ditugu, jada, oso zaharrak baitzeuden. Batzuk aldatuta zeuden, besteak ez. Orduan, zati batean aluminiozkoak jarri ditugu eta bestean, egurrezkoak”, dio Alberdik.

Leihoak aldatu ostean, eraikinaren kanpoaldeko hormak zaharberritzeari ekin diote. “Hezetasuna, bereziki eraikinaren aurreko aldean, barruraino sartzen ari da”, horregatik eraberritzea erabaki dutela azaldu du alkateak eta gaineratu, “gauzak ondo badoaz, gero, hurrengo urtean, kultur etxea egingo da”.

Argazkia: Getariako Udala