Eskualdean, kaleetan zein etxeetan erasoak bata bestearen atzetik izan dira. Getaian iaz izandako eraso bortitz baten berri ere izan dugu: iazko udan emakume bat jazarria, bahitua, kolpatua eta bortxatua izan zen. Epaiketa martxan da eta fiskaltzak, akusazioak bezala, zigor-eskaera handiak egin ditu.  Gure buruari galdetzen diogu emakumea nola ote dagoen horrelako zerbait pairatu eta gero; zein laguntza eta erreparazio jaso dituen. Ez dakigu nor zaren eta ezin lagundu, baina gure elkartasun guztia adierazi nahi dizugu. Erakundeei eskatzen diegu zor zaizun laguntza emateko, dena gutxi izango delako. Tamalez ez da eraso bakarra izan. 

Segurtasun saileko datuen arabera, 2019tik 2021eko irailera arte 8 salaketa jarri dira indarkeria sexistagatik Getaian. Ez dakigu salaketa horiek jarri dituztenek seme-alabarik duten, datu horietan haurrak ez direlako sartzen. Baldin badituzte, haiek ere biktima zuzenak lirateke, beraz, kopurua handiago izango da, kontuan izanda oraindik salaketarik jarri ez duten emakumeak ere izango direla gurean.

Muturreko indarkeria gaitzestea erraza da, ulergaitza eta salagarria egiten zaigulako. Guregandik oooso urruneko zerbait balitz bezala, guri ez dagokiguna, besteek egiten dutena, besteei eragiten diena. Guri ez, nei? Nola ba!!! Lehen igual; gure amonek-eta kontatzen omen dituzte istorioak, baina guri? Nire alabari, nire kuadrillakoari? Bai zea! Ba edonori gerta dakioke, eta gertatu arte ez zarela jabetzen ulertu behar dugu. Ezin dugu jakin hurrengoa noiz izango den, non, nor. Loteria makabro honetan emakume denok gaude bonboan sartuta, zuk uste ala ez.

Presazkoa da ekintzetatik praktikara salto egitea, indarkeria sexista sostengatzen duten genero-sistema eta botere-harremanak deuseztatzeko. Indarkeria hau ez da fenomeno isolatu bat, bizi garen jendartearen antolaketa sakonki sexistaren emaitza baizik. Esparru guztietan eragin behar da berdintasunaren alde, bestela indarkeria-kasuei aurre egiten jarraitu beharko dugu. Noizbait, Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko aldarrikapen-egun honen premiarik ez izatea amesten dugu.

Horregatik Mariñaketik zenbait proposamen egin ditugu, berdintasunaren alde egin daitekeena irudikatzeko. 

Egunotan plazaratu da musika-eskolari egin geniona. Musika-eskolari herrikoa eta gainera musikari ospetsua izan zen Pepita Enbilen izena jartzea  proposatu genuen hainbat arrazoirengatik:  herriko musikari baten figura berreskuratu eta  omenaldia egiteko; bere ibilbidea eta figura ezagutzera emateko, emakumezko erreferenteak behar ditugulako, sexu genero rol eraldatzaileak sustatu behar direlako; kultur imaginario kolektiboan emakumeei dagokien lekua eman beharrean gaudelako; herriko kultura-eragileen lana goraipatzeko, heziketarako eredu apartak direlako. Eskolaren izena aldatzeaz gain, beste hainbat jarduera proposatu genituen ekimen hau indartzeko. Eskerrik asko Musika Eskolako kide guztiei!

Aurretik, 2018ko eta 2019ko Salbadoretan erasoen prebentziorako kanpaina landu genuen festa-batzordearekin. Txosna-batzordeko egitarauan, eta oro har, festetan emakumeen presentzia sustatzeko lanketa ere  egin genuen. Udalari ere hainbat proposamen helarazi dizkiogu azken urteetan.

Indarkeria sexistekin noizbait amaituko badugu,  denon erantzukizuna da gure aletxoa jartzea, nork bere esparrutik. Dei egiten dizuegu, denoi, bakoitzak bere esparruan, arazo hau lehentasunen artean jar dezazuen eta  berdintasunaren aldeko ekimenak martxan jar ditzazuen:  erakundeek, elkarteek, hezkuntza-sistemak, gurasoek umeen heziketan, norberak bere harremanetan, gizonek maskulinitatea deseraikitzen, emakumeek ahalduntzen. Denok dugu zeregina, ardura eta gaitasuna gizarte sexista eraldatu eta parekideago egiteko. 

Hik, zer egingo dunk?