Astearteko Osoko Bilkuran, beste zenbait erabakiren artean, behin behineko onarpena eman zitzaien 2022ko udal aurrekontuei, EH Bilduren aldeko sei botorekin eta EAJren lau abstentziorekin. Nahia Iturbe Ogasun eta Hezkuntza zinegotziak azaldu zituen aurrekontuaren inguruko xehetasunak: “4.310.200 euroko aurrekontua izango da, aurtengoarekin konparatuta, %17 handiagoa”. Gastuei dagokionez, azpimarratzekoa da inbertsioetan %80ko gorakada dagoela.

Aurrekontu hauetan hiru arlori garrantzi berezia eman diotela nabarmendu zuen Iturbek: ongizatea, ingurumena eta irisgarritasuna. Ongizatearen arloan, hainbat eskuartze egin nahi ditu udal gobernuak. Iazko aurrekontuan baino 40.000 euro gehiago aurreikusi ditu herritarren ongizatearekin lotutako ekimenetarako, hala nola herritarren emergentzia sozialei erantzuteko (AES), Neguetxea egitasmorako eta Berdintasun Plana idazteko. Horrez gain, 22.000 euro gehiago bideratuko ditu kirol-arlora, Getariako arraunlariek goren mailan arraun egiteko behar duten diru-kopurua osatzeko eta zenbait kirol-instalaziotan hobekuntzak egiteko.

Ingurumenari lotuta, EH Bilduk 210.600 euro bideratu nahi ditu, besteak beste, energia aurrezteko eguzki-panelak eskolan jartzeko, getariarrekin Komunitate Energetikoak sortzeko, moilan auto elektrikoak kargatzeko gune bat jartzeko, eta Santa Barbarako Kontserbazio Bereziko Eremua berreskuratzen hasteko.

Irisgarritasunari dagokionez, hirigintza-arloan, 403.434 euroko inbertsioak aurreikusi ditu. Besteak beste, San Roke eta Iribarrena kaleetan zenefa jarriko da, Haitze Kalea berreskuratzeko lanak egingo dira, kultur etxearen fatxada eraberrituko da eta hainbat aparkaleku ordenatzea eta egokitzea ere aurreikusi da.

Horrez gain, Zarautz Jauregirako idatzi den oinarrizko proiektua bultzatzeko 26.000 euroko ekarpena egitea aurreikusten du EH Bilduk. Merkataritza eta bertako produktuak sustatzeko 22.500 euro bideratu nahi ditu eta euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko 10.000 euro. Getariako eragileei herria dinamizatzen jarraitzeko bideratzen zaizkien diru-partidei ere bere horretan eutsiko die eta herri curriculuma osatzen jarraitzeko 12.000 euro jartzea proposatu du.

Sarrerei dagokionez, hainbat puntu nabarmendu litezke. Alde batetik, “zuzeneko zergen bitartez %2,4 gehiago jasoko da; arrazoia ordenantza fiskaletan egindako igoerak dira”, argitu zuen Iturbek. Bestetik, tasen eta bestelako sarreren bitartez, 550.000 euro jasoko ditu udalak; “honek ere igoera bat izan du, besteak beste, beilatokiaren datu errealak ditugulako”. Horrez gain, “bai Eusko Jaurlaritzak bai Foru Aldundiak laguntzak handitu dituelako”, transferentzia arruntetan %17 gehiago jasoko du. Azkenik, ondasunezko sarrerak ere igo egin dira; “izan ere, Cristobal Balenciaga kaleko garajeak urte osorako alokairuan gelditzen dira”.

EAJren proposamenak

EH Bilduren aurrekontu proposamenaren aurrean, EAJak abstentzioa bozkatu zeun. Hala, Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuari egindako ekarpenak azaldu zituen Aitor Urresti EAJko bozeramaileak: “Kotxe elektrikoentzat karga azkarreko hiru puntu ezartzea; Zarautz Jauregia eraberritzeko partida bat ezartzea; eguzki plakak kiroldegian ezartzea; herriko merkataritza biziberritzeko plan estrategiko bat idaztea; etxe zaharrak birgaitzeko dirulaguntzak ematea, etxe horiek alokairura bideratzen badira; Aldamar Parkea estaltzeko aurreproiektuaren idazketa; herribideetan 20.000 euroko partida bat ezartzea; Aldamar Parkean komun publikoak ezartzea; hilerriko aparkalekuan egokitzapena egitea; Agirre Lehendakariaren Plazatik Cristobal Balenciaga Kalera bitarteko igogailua jartzea; futbol zelaiaren aurreproiektua idaztea; surfeko etxola konpontzeko 20.000 euro ezartzea; larrialdi sozialetarako etxebizitza bat sortzea; eta Udaltzain zerbitzua handitzeko 30.000 euro gehiago jartzea”.

Urrestiren hitzetan, “negoziazioekin aurrera egin da, baina hori garatzea ez da posible izan. Ez da akordiorik egon, horregatik alegazio batzuk aurkeztuko ditugu”. Ibon Gerekak, EH Bilduko bozeramaileak, aurrekontuen proposamenak ez zituztela gurutzatu salatu zuen: “Aurrena guk bidali genizuen, zuek eskutan eduki zenuten eta gero, proposamenak egin zenituzten”. Hala, EAJrengandik jasotako proposamen zerrenda eurek bidalitakoaren “oso oso gertukoa” zela gaineratu zuen EH Bilduko bozeramaileak. Urrestik, horren inguruan eztabaidatu zutela eta negoziazioekin aurrera jarraitzea erabaki zutela nabarmendu zuen. Era berean, euren proposamenak EH Bilduk egindakoetan oinarrituta egin izana gaitzetsi zuen: “Iradoki duzu gure proposamenak kopiatu egin ditugula eta hori ez da horrela. Proposamen guztiak hauteskundeetan aurkeztu genuen programan agertzen dira”.

Ordenantza fiskalen inguruko mozioa

2022 ordenantza fiskalen harira, hainbat helegite aurkeztu zituen EAJak. Atzoko udalbatzarrean horiek bozkatu zituzten. Bost puntuz osatutako helegitetik, ahobatez, bakarra onartu zuten; hain justu, terrazen tasen ingurukoa. Hala, “udal jabari publikoaren erabilera pribatuagatik eta aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantzan” aldaketak egitea adostu zuten. Urrestik azaldu zuenez, “iruditzen zaigu, tasak aktibitatearen arabera ordaindu beharko liratekeela. Askotan, terrazaren erabilera publikoaren produkzio maila ez baita berdina”.

 

Lotutako albisteak: