Hemen elkartu gara eskualdeko hainbat talde feministetako ordezkariak eta dei egiten diegu Urola Kostako herritarrei, ostiralean, “Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte” lemapean, antolatu dugun manifestazioan parte hartzera, 18:30ean, Zarautzeko udaletxeko plazatik abiatuko dena.

Orain aste bete, Zarautzen izandako eraso matxista larri baten berri izan genuen, eta erasotutako emakumeari gure elkartasuna eta sinesgarritasuna adierazteko zein erasoa salatzeko elkartuko gara. Hori gutxi balitz bezala, eskualdean, azkenengo hilabeteetan, hainbat salaketa egin dira indarkeria matxista dela eta, eta horiek ere salatuko ditugu.

Nazkatuta, haserre eta amorratuta gaude. Indarkeria matxistak dituen askotariko moduek eta erasoek ez dutelako etenik. Egiturazko biolentzia honi aurre egiteko ezinbesteko gauza asko dauden arren, mobilizazio egun atari honetan, bi azpimarratu nahiko genituzke:

Batetik, jendartearen ardura osoan egin nahi dugu azpimarra, hau da, bakoitzak jarduten dugun eremuetan dugun arduran eta hartu beharreko konpromiso politikoetan (eta horiek aurrekontuetan ere islatu behar dute), hala tratu onak sustatzeko, nola indarkeria matxista egoerak prebenitzeko, bai eskoletan, bai etxeetan, bai lantegietan, bai mugimendu sozialetan, bai kulturgintzan, bai instituzioetan, bai familian, bai kirol jardueretan, bai tabernetan…

Bestetik, erasotuak izan diren emakumeen aurka egiteko dagoen joera salatu nahi dugu, zurrumurruak zabaltzen eta erasoa matxistak ukatzen, besteak beste. Nahikoa da! Argi esan nahi dugu: Guk sinisten dizuegula. Eta halaxe diogu: “Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte”.

Amaitzeko, esan nahi dugu Urola Kostako mugimendu feministako kideok egunero-egunero lan egiten dugula, konpromisoz, militantziaz, indarkeria matxistaren aurka eta emakumeon askatasunaren eta jendarte eredu justu eta feminista baten alde. Eta aurrerantzean ere jarraituko dugu, DENOK ASKE IZAN ARTE.

Ostiralean, elkar ikusiko garelakoan, GORA BORROKA FEMINISTA!

Deitzaileak: Morroxkak, Maten Etxea, Mariñak, Oneka, Orioko Saltserak, Zumaiako mugimendu feminista eta Zarauzko Bilgune Feminista.