Azken egunetan, herrian zeresana eman du Getariako zenbait ostalarik aplikatutako prezio igoerak. Horren harira, Getaiko gaztiak sinadurapean, ondorengo testua igorri dute ARTZAPEra:

“Tabernetako prezioen gorakada desproportzional eta neurrigabeek gazteongan eta, orohar, herritarrongan izan dituzten eta aurrerantzean izan ditzaketen ondorioak salatzeko argitaratu da idatzi hau.

Azken urteotan herriaren biziraupen ekonomikoa turismoan oinarritu du Getariak. Turistak herrira erakartzeko neurriak etengabe hartzen dira eta diruzko etekinak eskuratzeko teknika berria plazaratu du Getabat ostalarien elkarteak. Tabernetan kontsumitzen diren ohiko eskarien prezioak igo dizkigute, baina erabaki orok du bere albokaltea.

Azken 10 urteotan, herriko tabernek aldaketa ugari egin dituzte. Lehen herritarrentzat antolatzen zituzten ekimen ezberdinak deuseztatzeaz gain, turismoaren eskaparate soil bilakatu dira gu bigarren plano batean utziz. Badakigu, abenduko prezioen igoera hau azken urteotako herri ereduaren ondorioetako bat besterik ez dela, baina antzeko herri ereduetan tabernetako prezioak oraindik jasangarriak dira.

Egoera ezberdinak eraginda bisitariak jaso ezin ditzaketenean herriarengana jotzen dute, bertan kontsumitu behar dugula eta Getariako ostalaritzak bizirautea gure esku dagoela adieraziz, baina urteko lehen aurpegi berridun bezeroekin batera ahazten dira Getariarrokin.

Orain arte laguntza eman diegu, baina herritarrok herrian kontsumitzen jarraitzeak bideragarria izan behar du eta horretarako beharrezkoa da guztiok kontsumitu ahal izateko prezioak ezartzea. Izan ere, herri xumea da gurea eta prezio altudun kontsumo mota hau ez dago herritar guztien eskura, are gutxiago gazteon eta jubilatu pentsiodunen egoera prekarioa ezagututa. Gaineratu, ostalari guztiek prezioak batera igotzea eta herritarrak erabakitik baztertzea ez zaigula bidezkoa iruditzen.

Tabernara joatea ez da behar bat, erabaki bat da. Guk aldi batean, Getariako tabernetan ez kontsumitzea eta prezio gorakadei planto egitea erabaki dugu.

Getaiko gaztiak garbi dakau: Askatu estatxa ta heldu kartera.”

Getaiko gaztiak