Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan egitasmoaren hamahirugarren deialdia egin du. Ekimena eskualdeko enpresa eta langabe edota lana hobetu nahi duten 20-44 urte eta goi mailako ikasketak dituztenei bideratuta dago; langabeen kasuan laneratzen laguntzeko, lanean ari direnen kasuan beren lan aukerak hobetzeko.

Gehienez, eskualdeko 16 partaiderekin osatuko da taldea eta guztiek izango dute enpresetan egonaldia egiteko aukera. Datorren edizioaren xehetasunak gaur, abenduaren 16an, 11:00etan hasita, “online” egingo den informazio saioan aurkeztuko dituzte. Bertan parte hartu ahal izateko, interesdunak ondorengo galdetegia bete beharko du.

Prestakuntza trinkoa eta praktikak enpresetan

Programak, hiru atal nagusi izango ditu. Lehendabizi, 80 ordutan, bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz, zeharkako konpetentziak landuko dituzte. Ondoren, praktikaldiari ekin aurretik, 24 orduko prestakuntza teknikoarekin, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte partehartzaileek. Amaitzeko, beti ere norberaren lanbide-profilaren arabera, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Udal Elkartetik jakinarazi dutenez, “orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko edizioetan zehar, guztira, 180 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte eskualdeko zenbait enpresetan”.

Printzipioz, aurrez aurreko prestakuntzari eutsiko zaio. Edozein kasutan, osasun egoeragatik aurrez aurreko saioak bertan behera geratuko balira, Urola Kostako Udal Elkarteak azaldu du, prest dituela baliabide guztiak, etenik gabe, programa “online” egiteko.  

Dagoeneko zabalik dago ekimenean izen-emateko epea. Horretarako, interesatuak Udal Elkartearen egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen izen-emate orria bete beharko du. Edozein kasutan, tramitazio elektronikoa egin ezin dutenek egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu dezakete.

Argazkia: Urola Kostako Udal Elkartea