Azken asteetako euriteak direla eta, Getariako zenbait errepide kaltetuak izan dira, Abeta – Asu bitartekoa edo Gaztaka txikikoa esaterako.

Abeta-Asu esparruetan hasi dira jada lanak, baina Gaztakatxikin ez. Bide horren kasuan, ekaina hasieran pitzadurak sortzen hasi ziren eta bidearen egoera aztertu ostean, ekainaren 29an egin zen hirigintza batzordera eraman zuen gaia EAJ-PNVk, bertan arazoa azaldu eta erabaki bat hartzeko eskatuz. Udal Gobernuak ez zuen esku hartu.

Azken asteetako euriteek ordea, eragin zuzena izan dute bide honetan, oraingoan errepidea guztiz ondoratu baita eta erabiltezina bihurtu da. Egoera honetan baserria isolaturik geratu denez, Getariako EAJ-PNVk udalari eskatu dio ahalik eta azkarren bide hau konpondu dezala.