Helburua da zazpi hizkirekin ahalik eta hitz gehien sortzea. Egunero zazpi letra agertzen dira zazpi hexagonok osatutako abaraska moduko batean. Erdiko letra gorriz agertzen da; izan ere, hura erabiltzea nahitaezkoa da. Jokoak aurrekari argiak ditu: Ingelesez, The New York Times-ek sortutako Spelling Bee eta katalanez, urte berriarekin batera Vilaweb agerkariaren webgunean agertzen den Paraulogic.

Jokoaren arauak sinpleak dira. Hitzek hiru letra izan behar dituzte gutxienez, eta hitza osatzeko erabilitako letra kopuruaren arabera puntu gehiago edo gutxiago lortuko ditu erabiltzaileak; zenbat eta letra gehiago, puntuazioa ere altuagoa. Joko bakoitzak letra guztiak erabiltzen dituen “guztitz” bat izango du, gutxienez, eta “guztitz” bakoitzarekin hamar puntu gehigarri lortzen dira.

Hizki bera behin baino gehiagotan erabil daiteke eta ez dira onartzen ez jokatutako aditzak ezta izen propioak ere. Izenei eta adjektiboei dagokienez, singularrak baino ez dira onartzen. Soilik, Euskaltzaindiaren hiztegian agertzen diren hitzak erabil daitezke: “Okerra mezuak ez du esan nahi hitza okerra denik. Badago Euskaltzaindiaren hiztegian agertzen ez den hitz zuzen asko. Mezuak esan nahi du osatutako hitzak ez dituela betetzen jokoaren arauak, besterik ez”, argitu dute jokoaren sortzaileek. Azken horiei dagokionez, oraindik inork ez du ekimenaren egiletza aitortu.

Interneterako sarrera izanez gero, ondorengo estekan sartuta, ordenagailutik nahiz mugikorretik joka daiteke Berbaxerkan. Gainera, gailu eta web-nabigatzaile bera erabiliz gero, jokoa gordeta geratzen da. Urtarrilaren 6an jarri zuten martxan eta sona handia ari da izaten euskaldunen artean. Zenbat hitz aurkitu dituzu zuk gaurkoan?