Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadi Bono Dendaren bigarren fasea jarri du martxan. Gaur hasi eta martxoaren 31ra arte, erabiltzaileek dagozkien bost bonuak trukatzeko aukera izango dute, baldin eta abenduaren 5ean amaitu zen lehen fasean erabili ez badituzte.

Aurreko fasean, 400.000 bonu baino gehiago kontsumitu ziren eta bigarren fase honetan, 258.000 deskontu-bonu izango dira. Ekimenera 4.300 saltoki baino gehiago batu dira eta Euskadi Bono Dendaren webgunean topatu daitezke guztiak –Getariako lau establezimenduk eman dute izena–. Hurbileko saltokietan eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuetan erabil daitezke bonuak, besteak beste, ile-apaindegietan eta edertasun-zentroetan, garbitegietan, tindategietan, argazki- eta fotokopia-zerbitzuetan eta konponketa-establezimenduetan.

Euskadi Bono Dendaren ezaugarriek berdin jarraitzen dute. Hala, 30 eurotik gorako erosketetan hamar euroko deskontua lortu dezakete erabiltzaileek eta bonuak saltokian zuzenean trukatu beharko dira. 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak bost bonu eskuratu ditzake eta lehen fasean erabili ez baditu oraingoan erabili ahal izango ditu.