Gaur goizeko agerraldian, “kontaktu estuen” kasuan adostutako protokoloaren inguruko hainbat argibideren berri eman du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Orain arte, koronabirus kasu positibo baten kontaktu estu guztiei Osakidetzari jakinarazteko eskatu izan diete. Hala, proba bat egiteko hitzordua ematen zitzaien. Sagarduik azaldu duenez, hemendik aurrera, talde hori mugatu egingo da eta kolektibo zaurgarrietako kontaktu estuei baino ez zaie egingo “proba diagnostikoa”. Horiez gain, baita gaixo agiria behar duten horiei ere.

Jaurlaritzak ondorengo kolektiboak izendatu ditu zaurgarri modura: “70 urtetik gorako pertsonak, immunoeskasia dutenak, haurdun dauden emakumeak, txertatu gabeak, edota gaixotasun kronikoak dituztenak: erraterako, diabetikoak eta eritasun hepatikoak edo giltzurrunetakoak dituztenak”. Sailburuaren hitzetan, helburua da “kolektibo zaurgarrienetara errazago eta modu eraginkorragoan heltzea”. Gainerako biztanleek prebentzio-neurriak zorrotz bete eta sintomak agertzen ote zaizkien erne egon beharko dutela gaineratu du Sagarduik.

Proba egiteko hitzordua eskatzeko, hiru modu daude. Alde batetik, euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen inprimikia beteta eta bestalde, osasun zentrora deituta. Era berean, Aurretiko hitzordua atalaren bidez, Osakidetzak bide zuzena gaituko duela adierazi du Jaurlaritzak.

Euskal Autonomia Erkidegoko egoera epidemiologikoa ez dela ona nabarmendu du Sagarduik eta oraindik txertoa hartu gabe dutenak hartzera animatu ditu: “Osakidetzak zabalik jarraitzen du oraindik txertoa hartu ez dutenentzat. Mesedez, garaiz zaudete eta jarri txertoa”.