Azken hilabeteko datuak kontutan hartuta, 340 positibo atzeman dira Getarian; alegia, abenduaren 12tik gaur arte, getariarren %12a kutsatu da koronabirusarekin. Horretaz gain, ez da heriotzarik izan –datu ofizialen arabera, pandemia hasi zenetik bost pertsona hil dira koronabirusak jota–.

Joan den asteartean, Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari Hans Klugek adierazi zuenez, ondorengo sei-zortzi asteetan, Europako herritarren erdia baino gehiago omicron aldaerarekin kutsatu izana aurreikusten da.

Getarian, hedapenak ez du etenik

Osasun Sailaren azken txostenaren arabera, astelehenaz geroztik, 48 COVID kasu zenbatu ditu Osakidetzak herrian. Hala, intzidentzia-tasak beste koska bat egin du gora eta 8445ean kokatu da.

Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban intzidentzia- eta positibo-tasak behera egin dute. Atzo, orotara, 23.730 PCR eta antigeno proba egin zituzten, bezperan baino 5.519 test gutxiago, eta 9.472 positibo atzeman zituzten, aurreko egunean baino 2.599 gutxiago. Gaur-gaurkoz, positibo-tasa %39,9koa da. Intzidentzia-tasari dagokionez, 7.039tik 6.937ra jaitsi da.

Aurreko egunarekin alderatuta, koronabirusak jotako gaixo gutxiago dago erietxeetan. Ohe arruntetan 807 gaixo daude eta ZIUetan 136; hurrenez hurren, bezperan baino 33 eta 6 lagun gutxiago.

Lotutako albisteak: