Igande honetan, urtarrilaren 16an, hasiko da Gipuzkoako Batel Liga. Lehenengo jardunaldia, 12:30ean hasita, Urumea ibaian (Donostia) egingo da. Aprilaren 2ra arte luzatuko da denboraldia eta guztira, 12 jardunaldi jokatuko dituzte. Apirilaren 2an eta 3an, bestalde, Gipuzkoako Batel Txapelketa egingo da.

Aurtengo ligan, 96 ontzik parte hartuko dute: emakumezkoen kategorian 47 ontzi lehiatuko dira eta gizonezkoenean 49. Getariako Arraun Elkarteak hiru batel uretaratuko ditu, denak infantiletan; nesken ontzi bat eta mutilen bi osatu ditu.

Gipuzkoako Arraun Federazioak, dagoeneko, denboraldiko behin-behineko egutegia argitaratu du. Jardunaldietako bat, zehazki hamargarrena, Getariako uretan egingo da. Estropada hori martxoaren 20an, igandean, izango da –ordua, oraindik, zehazteke dago–.