Herenegun hedabide honek baieztatu modura, aurten, pandemiak eragindako osasun egoera dela-eta, San Anton Egunean, urtarrilaren 17an, ez da uzta berriaren aurkezpen ekitaldirik egingo. Getariako Txakolinak Jatorrizko Deiturako ordezkariek jakitera eman dutenez, “gauzak hobetzen direnean, egin beharreko sustapen-jardueren berri emango dugu”. Hala, aurtengoan, ohar bidez adierazi dituzte 2021eko uztari buruzko datuak.

3.974.000 kilo mahats

Getariako Txakolina Jatorrizko Deitura duten Gipuzkoako 36 upategik, orotara, 3.974.000 kilo mahats ekoiztu dituzte 2021. urtean; 2020an baino %10 gutxiago. Jatorrizko deiturako ordezkariek azaldu dutenez, ordea, “mahats osasuntsua eta kalitatezkoa bildu da irailaren bigarren hamabostalditik aurrera, eta horri esker, gure inguruan ohikoa den txakolina egin da; 11 gradu ertainekoa eta azidotasun markatu eta orekatua duena”. Ekoiztutako txakolin gehiena zuria izan da; zehazki, 2.461.000 litro. Txakolin gorriaren produkzioa 230.600 litrokoa izan da eta beltzarena 6.540 litrokoa.

Jatorrizko Deitura duten upategiek ekoiztutako txakolinaren %80a, gutxienez, Hondarrabi Zuri eta Hondarrabi Beltz mahats barietateekin egin behar dute, “gainerako %20a arautegiak baimendutako barietateekin osa dezakete; hala nola, Petit Courbu (Hondarrabi Zuri zerratia), Gros Manseng, Chardonay eta Riesling”. Izan ere, Getariako Txakolinak argi du Hondarribi Zuri eta Beltz barietateek “txakolin mota ezberdinak egiteko aukera ematen dutela”.

Merkaturatzeak 2019koen pare

Txakolinaren merkaturatzeari dagokionez, 2021eko datuak “onak” izan direla eta 2019ko zifretara iritsi direla nabarmendu dute. “Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu kontsumitzaile guztiei Getariako Txakolina bezalako gure produktu batean konfiantza izateagatik” adierazi dute.

Era berean, esportazioak %30 hazi dira: “2019-2020 kanpainan 423.200 litro esportatu ziren, 2020-2021 kanpainan, berriz, 574.125 litro”. Hori upategiek merkatu berriak irekitzeko egiten duten “ahalegin handiaren emaitza” dela azpimarratu dute. AEB da merkatu nagusia; hara, esportazioen %65a bideratzen dute. Bigarren herrialde garrantzitsua, esportazioei dagokionez, Frantzia da (%6,5). Jarraian daude Erresuma Batua zein Norvegia (%5,2) eta Suedia nahiz Japonia (%4).

 

Lotutako albisteak: