Eguzki Euskal Herriko talde ekologista eta antinuklearrak azaldu duenez, “iazko azaroaren amaieran prentsaren bidez jakin genuen 2022rako Estatuko Aurrekontuei egindako zuzenketen bidez 150.000 euroko partida esleitu zela Zumaia-Getaria lotzeko oinezkoentzako pasealekuaren proiektua idazteko”. Berri horren aurrean, Getariako eta Zumaiako alkateei idatzi bat bidali die bi udalerrien artean egingo den zazpi kilometroko pasealekuaren proiektuaren idazketan saretak ezartzeko eskatuz.

“Urola bailarako herrietan, ibaiaren aldameneko baranden behealdean, metalezko saretak jarri dira; horrela, murriztu egin da haizeak ibaietara eramaten duen hondakin kantitate handia”, dio Eguzkik. Urolan hasitako kanpaina “zorionez, gainerako eremuetara zabaltzen ari” dela nabarmendu du talde ekologistak. Era berean, egitasmoak Sortu gabeko hondakina da hondakinik onena leloari erantzuten diola gaineratu du.

Getaria eta Zumaia arteko oinezkoen pasealekua gauzatuz gero, “logikoki, pertsonen joan-etorria areagotu” egingo litzatekela ohartarazi du Eguzkik eta ondorioz, zabor gehiago sortzeko eta horrek itsas ekosisteman amaitzeko arriskua ere areagotu egiten direla gaineratu du.

Eguzkik argitu du proiektua Espainiako Gobernuko Kostaldeetako Zuzendaritza Nagusiari dagokiola jakin arren, “idatzi bat bidali diegu Getariako eta Zumaiako alkateei, udalek eskaera erakunde horri bidali, eta aldi berean, erakunde honi babesa eman diezaioten”.

Argazkiak: Eguzki

Lotutako albisteak: