Gotzone Sagardui Osasun sailburuak joan den asteartean iragarritako protokolo aldaketa dela-eta, Osakidetza kolektibo zaurgarrietako kontaktu estuei soilik ari da egiten koronabirusaren diagnostiko proba. Hala, PCR eta antigeno test gutxiago egiten ari denez, aurreikus zitekeen modura, atzemandako koronabirus kasuek ere behera egin dute.

Getarian, joan den ostegunetik, 33 COVID kasu zenbatu ditu Osakidetzak –aurreko astelehena eta asteazkena bitartean atzemandako positiboak 48 izan ziren–. Intzidentzia-tasa apaldu egin da eta gaur-gaurkoz, 6.996koa da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko astearteaz geroztik, intzidentziak behera egin du: joan den asteazkenean 6937koa zen eta orain, 6.235eko da. Atzo, 9.820 test egin eta 3.806 positibo zenbatu zituen Osakidetzak; zehazki, aurreko asteazkenean baino 13.910 proba eta 5.666 positibo gutxiago.

Positibo kopurua murriztu izanak, ordea, ez du eragin zuzenik izan ospitaleetan. Izan ere, ohe arruntetan 780 gaixo daude koronabirusak jota; aurreko asteazkenean, 807 lagun zeuden. ZIUetan dagoen pertsona kopuruak, berriz, apur bat gora egin du; egun, 143 lagun daude, aurreko asteazkenean baino zazpi gehiago.

 

Lotutako albisteak: