Sabino Arana Fundazioak jakinarazi du nortzuk jasoko duten 2021eko Sabino Arana saria. Getariako arrantza-ontzia izandako Aita Mari erreskate ontzia, Luis Ugalde jesulaguna, Amaiurko Gaztelu elkartea, Bidasoa kirol taldea, Basque Culinary Center eta Luis Mari Bengoa kazetaria izango dira aurtengo saridunak. Sariak banatzeko ekitaldia, urtarrilaren 30ean, Bilboko Arriaga antzokian egingo da.

Aurtengoa Sabino Arana Fundazioaren sarien XXXIII. edizioa izango da. “Sarion bidez, gizartearen zerbitzuan aritzeko prestutasun eta ahalegin bikainagatik nabarmentzen diren pertsona ospetsu, erakunde edo gizataldeak aintzatetsi nahi dira” adierazi dute fundaziotik.

Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, Mireia Zaratek, eta fundazioaren idazkariak, Ignacio Etxeberriak, joan den ostiralean eman zuten saridunen berri. Zarateren hitzetan, migratzaileak erreskatatzeko helburuarekin Mediterraneo itsasoan dabilen ontzia “giza eskubideen aldeko elkartasun-borroka nekaezin eta etengabeagatik” sarituko dute.

Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) euskal GKEaren ekimenari esker, “Aita Mari migrazio-ibilbide arriskutsu hori erabiltzen dutenen bizitzaren jagole bihurtu da mundu guztiaren begien aurrean”, adierazi du fundazioko presidenteak eta gaineratu, “Aita Mari ontziaren egitekoek agerian uzten dute migrazio-politika txarrak gainditu behar ditugula”. Azkaratek nabarmendu zuen Aita Mari ontziaren proiektua abian jarri denetik (2018tik), 538 lagun erreskatatu dituela.

Argazkia: Sabino Arana Fundazioa