Datorren irailaren 6an egingo den antzezlanak lelo eta irudi berria izango ditu. Bira bat, 100 mundu izango da leloa. Karteleko irudiak Ane Pikaza ilustratzaileak egin ditu, Julen Larruskainen zuzendaritzapean. Gaur, Euskadik Fitur Nazioarteko Turismo Azokan duen gunean, Elkanoren Lehorreratzea aurkeztuko du Getariako Udalak. Bertara eraman ditu Haritz Alberdi alkateak “edizio berezia ezagutzera emateko sortu den irudia eta leloa”.

Antzezlana lehen aldiz egin zenetik 100 urte beteko dira aurten eta 500 munduari bira eman ziotenetik. Horren harira, joan den urteko irailetik abendura, Getariako Udalak elkarrizketa gune desberdinak antolatu zituen herritarrekin, “getariarrek ekitaldia nola bizi eta sentitzen duten jakiteko eta etorkizunean nola egin nahi duten hausnartzeko”. Udaletik azaldu dutenez, “guztira 65 getariar inguruk parte hartu dute, uneren batean, herri-elkarrizketa prozesuan”. Elkarrizketa prozesuaren ondorio txostena prestatu eta herritar guztien eskura jarri du udalak bere webgunean.

“Berrikuntzak” txertatzeko bidean

Aurten, Elkanoren Lehorerratzeak jatorrizko data berreskuratuko du: “1922an, lehen aldiz antolatu zenean, Elkano eta gainontzeko tripulaziokideak Sanlucar de Barramedara itzuli ziren eguna errespetatu zen. Aurrerago, abuztuan egiten hasi ziren”. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Elkanoren Eguna izendatu du irailaren 6a eta jaieguna izango da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Egun aldaketa ez ezik, aurtengo Lehorreratzean beste zenbait “berrikuntza” egongo dirala azaldu du Udalak. “Hausnarketa prozesuan alor desberdinak ukitzen dituzten proposamenak plazaratu dira: kontakizuna, antzezpena, parte hartzea eta parekidetasuna, ezagutzaren pedagogia eta sozializazioa, baita logistika kontuak ere”.

Hurrengo pausoa izango da “proposamen horiek aurtengo Lehorreratzean nola txerta daitekeen zehaztea”. Hala, parte-hartze prozesutik sortu den herritar taldetxo batekin, datozen hilabeteetan hartuko ditu erabakiak Udalak. Talde horrek “parte-hartze prozesuko talde eragilearen lekukoa hartuko du eta talde zabalagoaren babesarekin, ikuspegi operatibo batetik etorkizuneko Lehorreratzearen ardatzak 2022. urteko edizioan zer-nola lurreratu daitezkeen definituko du”.

Udaletik nabarmendu dutenez, “moldaketak gradualak izango dira, baina ausardia punttu bat ere eskatu dute elkarrizketa foro desberdinetan parte hartu duten herritarrek, Lehorreratzearen bitartez Getariak bere mezu propioa helaraz dezan mundura”.