Getariako Udalak martxan jarri du 2022ko inauterietako kartel lehiaketa. Edozein adinetako herritarrei zuzenduta dago eta lanak otsailaren 14a baino lehen aurkeztu behar dira.

“Getaria eta inauteriak” da sormenerako gaia, eta kartelean Getariako inauteriak 2022 testua zein goiburu bat agertu behar dira. Zehaztu dutenez, idazten ez dakiten haurrek ez dute ezer idatzi behar; dena den, beraien erara egin dezakete, baina ez dute onartuko helduen esku-hartzerik.

Gehienez bi lan aurkez ditzake partaide bakoitzak, edozein modalitate artistikotan. A3 neurria erabili beharko dute eta aparteko gutunazal batean zehaztu beharko dira egilearen datuak (izen-abizenak, telefono zenbakia, adina eta kartelaren izenburu eta goiburua).

Otsailaren 14an, 19:00etan amaituko da sormen-lanak aurkezteko epea. Liburutegira edo udaletexera eraman daitezke.

Sariak

Lanak entregatutako astean bertan izendatuko dira irabazleak. Horretarako epaimahaia Kultura Batzordeak, herriko artistek eta Iturzaeta Herri Eskolako irakasleek osatuko dute.

2-5 urteko irabazleek, 1-3. mailakoek eta 4-6. mailakoek opari bana jasoko dute. 12-15 urteko irabazleek 60 euroko diru-saria izango dute eta 16 urtetik gorakoek 150 eurokoa.

Ohi moduan, erabakia hartu ondoren, erakusketa jarriko da udaletxeko sarreran. Aurten, otsailaren 21etik 28ra egongo dira kartelak ikusgai.