Azaro amaierako udalbatzarrean, EH Bilduko sei zinegotzien aldeko botoarekin eta EAJko lauren abstentzioarekin, behin-behineko onarpena eman zitzaien 2022ko udal aurrekontuei. Udalbatzar hartan, EAJk hainbat proposamen aurkeztu zituen, eta Aitor Urresti EAJko bozeramaileak azaldu zuenez, “negoziazioekin aurrera egin da, baina hori garatzea ez da posible izan. Ez da akordiorik egon, horregatik alegazio batzuk aurkeztuko ditugu”. Hala, joan den asteartean egindako udalbatzarrean, azarokoan egindako proposamenak oinarri hartuta, 11 emendakin aurkeztu ditu EAJk.

Haritz Alberdi alkateak azaldu zuenez, “osasun kontuak tarteko”, EH Bilduko bi zinegotzik ezin izan zuten presentzialki udaletxean egon. Egungo baliabide teknologikoei esker, ordea, online egin zuten bat gainerako ordezkari politikoekin eta botoa ere online eman zuten. Urrestik, horretarako aukerarik bazuten galdegin zion idazkariari, hark baiezkoa erantzun zion. Hala, EAJren aldeko bost botorekin eta EH Bilduren aurkako seirekin, ez ziren jeltzaleen alegazioak onartu eta behin-betiko onarpena eman zitzaien aurtengo udal aurrekontuei.

Oposizioaren emendakinak

Proposatutako zuzenketak zeintzuk diren eta horien inguruko xehetasunak eman ziuten Urrestik. Alde batetik, Zarautz Jauregia eraberritzeko diru-poltsa bat sortzea proposatu du EAJk. “Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak egin duten apustua ikusita, Getarian ere horretarako diru-poltsa bat jarri beharko litzatekela iruditzen zaigu. 675.000 euroko bat sortu dugu; azken finean, Jaurlaritzak eta Aldundiak ematen dituen laguntzak barneratzea besterik ez da”, azaldu zuen Urrestik. Bigarren proposamena, herriko merkataritza biziberritzeko plana sortzean datza, “herriko merkataritzak etorkizuna edukitzea nahi badugu, etorkizuneko erronkak identifikatu behar ditugu”.

Aurkeztutako hirugarren zuzenketa Aldamar Parkea estaltzeko aurreproiektua idaztearena izan da. Urrestiren hitzetan, “esan digute proiektu honek hainbat zailtasun izan ditzakela, baina guk ez dugu hori azaltzen duen txostenik jaso”. Horregatik, proiektua egingarria den edo ez erabakitzeko, aurreproiektu bat idaztea eskatzen dute jeltzaleek. Bestalde, Aldamar Parkean komun publikoak ezartzeko proposamena egin dute, “horrela, euren beharrak egiteko umeek N634 errepidea zeharkatzea saiestuko dugu”, argudiatu du EAJko bozeramaileak. Aurreproiektuekin jarraituz, fulbol zelaiarena idaztea ere eskatu dute.

Gizarte beharretarako etxebizitza bat sortzeko nahia ere adierazi dute EAJko kideek. Hala, Urrestiren hitzetan, “gizarte beharrei erantzuteko beste baliabide bat edukiko luke udalak”. Gastuei eragingo lioken zortzigarren eta azken proposamena, kotxe elektrikoentzat jartzen den karga puntua azkarra izatea izan zen.

Gainerako hiru emendakinak sarrerei dagozkie: “Bi Zarautz Jauregiari zuzendutakoak dira. Eskatzen duguna da zazpigarren kapituluan Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak sartzea. Azkenik, bigarren kapituluan, eraikuntza instalazioak eta obren gaineko zergan, udal arkitektoa jardunaldi osora edukiko dugunez, pentsatzen dugu horrek lizentziak azkartuko lituzkela eta lizentzia horietatik kobratzen den dirua handitu egingo dela. Horrela, sarreretarako beste tarte bat lortuz”.

Iritzi kontrajarriak

Urrestiren atzetik, Nahia Iturbe Ogasun eta Hezkuntza zinegotziak hartu zuen hitza. “Lau hilabete izan ditugu puntu horiek denak ondo eztabaidatzeko, eta berriro ere puntu berdinak aurkeztu dituzue”, salatu zien EAJko ordezkariei Iturbek. Emendakin horien aurrean EH Bilduren jarrera “oso ondo argudiatuta” dagoela irizten zion Ogasun eta Hezkuntza zinegotziak, “baina saiatuko naiz beste modu batera arguditatzen”.

Zarautz Jauregiaren inguruan egindako proposamenari heldu zion lehenik. “Esan zitzaizuen bezala, 2019. urtetik hitzarmena negoziatzen ari gara Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin. Hitzarmen hau ondo ixten denean eta klausula guztiak ondo eta garbi daudenean emango ditugu eman behar diren pauso guztiak. Zuei ere adituak argi eta garbi adierazi zizuen ez dagoela horretarako arazorik”, argitu zuen Iturbek.

Gizarte beharretarako etxebizitzarako 50.000 euro txertatzeko proposamenaren aurrean, “gehien behar dutenei kentzeko” prest ez daudela adierazi zuen Ogasun eta Hezkuntza zinegotziak. “50.000 euro horiek txertatzeko, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetatik 15.000 euro kentzea proposatzen duzue; gu ez gaude horretarako prest”. Gaineratu zuenez, aurreko urtean 20.000 euro bideratu zituen udalak laguntza horietara, “aurten, ordea, hala eskatu zigutelako eta beharra ikusten delako, 35.000 euro bideratu dira. 2021eko itxiera 45.000 eurorekin egin da, orduan, argi eta garbi dago, gehiago bideratu behar dela eta ez kendu”. Gainerako 35.000 euro energia eta ingurugiroari lotutako inbertsioetatik kentzea proposatu dute jeltzaleek. Iturbek trantsizio energetikoa “ezinbestekoa” dela argudiatu zuen eta inbertsio horietarako diruaren “%80-85 inguru europatik datozen dirulaguntzekin lotuta dago eta eguzki panelen proiektua europan aurkeztuta dago. Orduan, aldaketa hori egitea ezinezkoa ikusten dugu eta ez lioke aurrekontuei balio bat erantsiko, kontrara, kendu egingo lioke”.

Jeltzaleek aurkeztutako proposamenak “gure proiektu asko dantzan jarriko lituzke eta herriko eragileekin adostuta dauzkagun zenbait proiektu edo zenbait gauza ezingo lirateke aurrera atera; adibidez, Getariako herri kurrikuluma” adierazi zuen Iturbek.

 

Lotutako albisteak: