Gure Esku dinamikak eta Kataluniako hainbat entitate sozialek, elkarlanean, Pirinioetako Bidea mobilizazioa antolatu dute. Ekimenaren helburua da, uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrek Pirinioetako 300 gailurretik gora argiztatzea: “Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Euskal Herria eta Katalunia batuz, Higer lurmuturretik Creusera, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko”.

Assemblea Nacional Catalana (ANC), Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya (FEEC) eta Gure Esku dira egitasmoaren antolatzaileak; laguntzaileak, berriz, Omnium Cultural eta Artistes de la República. Gure Eskuk jakitera eman duenez, “mezu argi bat bidaliko dugu Pirinioetatik mundura: katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu”.

Pirinioetako Bideak, “burujabetzarako prozesu bat abiatzeko, herri gogoa berpiztu” nahi du. “100 gailur argiztatzea baino askoz garrantzitsuagoa izango da guretzat 200 herri aktibatzea” aitortu du Gure Eskuk. Euskal herritarrei 115 gailur egokitu zaizkie, Jaizkibeletik Benasqueraino (Huesca). Gailur “berdeak” eta “gorriak” bereiztu dituzte antolatzaileek: “Gailur berdeek ez dute aparteko zailtasunik, eta jende gehienarentzat izan daitezke irisgarriak, honenbestez, izen-ematea irekia izango da –hala ere, edukiera mugatu egingo da–; gailur gorriak, berriz, mendizale trebatuentzat soilik dira egokiak, eta honenbestez, izen-ematea mugatua izango da”.

Giza-kateetan egin izan den bezala, herrietatik autobusak antolatuko dituzte. Era berean, mendira joan ezin dutenentzat alternatiba sortzeko deia ere luzatu die herritarrei Gure Eskuk: “Oinarrizko bi elementurekin jokatzea proposatzen dugu: bata, ilunabarrean, gailurrak argiztatzearekin batera, herriko toki jakin bat argiztatzea, eta bestea, horrekin batera, euskaldun askok ia ereserkitzat dugun Txoria txori abestea”.

Mobilizazioarekin batera, dokumental bat egitea aurreikusi dute, “indarrak batu eta inteligentzia kolektiboa erabili beharko dugu nazioartean gure ahotsa eta kontakizuna entzun daitezen”.

Martxotik aurrera zabalik izen-ematea

www.pirinioetakobidea.eus atariaren bidez egin beharko da izen-ematea. Interesatuek hamar euro ordaindu beharko dituzte: bost euro antolakuntza gastuei aurre egiteko, eta beste bost istripu zein erreskateetarako asegurua estaltzeko. Herri bakoitzak gailur bat edo gehiago izango ditu izendatuta –Getariari Ibanteli (698m) gailurra egokitu zaio. “Honenbestez, izena emateko garaian, nongoak garen jarriz gero, gailur jakin bat(zu)etara bideratuko gaitu aplikazioak”. Antolatzaileen proposamena da herrikideak elkarrekin, autobus berean joatea da, “edonola ere, bestelako gailur bat hautatzeko aukera ere egongo da”.

Argazkia: Gure Esku