Joan den larunbatean, otsailaren 19an, Gipuzkoako alebin txikien lehen txapelketa egin zen Hondarribiko Jostaldi kiroldegian. Bertan, Getariako Taiko Judo Klubeko Suhar Esnal eta Inhar Garin getariarrek hirugarren postua eskuratu zuten.

Koronabirusaren ondorioz, 2020tik txapelketa guztiak etenda egon dira. Osasun egoerak izan duen bilakaeraren ostean, ordea, txapelketei berrekiten hasi dira. Hondarribian egin zen txapelketan 2011. urtean jaiotako haurrek soilik parte hartu zuten.

Inhar Garinek 38 kilo azpiko kategorian parte hartu zuen eta hiru lehia egiteko aukera izan zuen: “Lehenengoa, nagusitasun handiarekin irabazi zuen. Uneoro, helkeraren nagusitasuna eraman zuen eta bi waza-ari eginez garaile izan zen. Bigarren randorian, egoera zaildu zitzaion. Aurkariak helkera eraman zion eta galtzen hasi ondoren, waza-ari batekin, aurkariari ippon bat egin zion o goshi eder baten bitartez. Hirugarren randorian, finalerako txartela gogotsu borrokatzera sartu bazen ere, aurkaria nagusitu zitzaion bi waza-arirekin eta hirugarren postuarekin etxeratu zen”.

Suhar Esnalen kasuan, 34 kilo azpiko kategorian lehiatu zen eta hark bi randoria egiteko aukera izan zuen. “Lehenengo randorian, aurkariak goitik heldu bazion ere, oso ondo lortu zuen egoerari buelta ematea. Aurkariari helkera askatuz eta ippon bat eginez, bera nagusitu zen. Bigarren randorian ondo hasi bazen ere, aukaria nagusitu zitzaion eta hirugarren postuan gelditu zen”.

Taiko Judo Klubetik adierazi dutenez, “bi gaztetxoek uneoro erakutsi dute, txapelketarik eduki ez badugu ere, ikasten jarraitu dutela eta txapelketan oso gogor lehiatzeko gaitasuna izan dute”. Gipuzkoan, adin horretako gaztetxoei zuzendutako hiru txapelketa egiten dira eta “horietan lortutako puntuak batuz, sailkapen orokor bat osatzen dute”.

Taiko Judo Klubetik gaineratu dute bi getariarrek “gogotsu” entrenatzen jarraitu beharko dutela “ondo hasitako lana ondo buka” dezaten. Hurrengo txapelketa, Gipuzkoako bigarrena, Errenterian, martxoaren 19an egingo da.

Argazkia: Taiko Judo Klub