Herriko adindunak nola bizi eta sentitzen diren hobeto ezagutzeko, ikerketa egin du Getariako Udalak. Maddalen Iraola arduratu da azterketaz eta horren emaitzak jendaurrean jakinarazi ditu, Ane Loidi Ongizate zinegotzarekin batera, Getariako Jubilatu eta Erretiratuen elkartean egindako aurkezpenean.

Ikerketarako, 70 urtetik gorakoei deitu zaie, 420 pertsonari hain zuzen ere. Haietatik 217k erantzun dituzte egindako galderak, gehienek  beraien etxean eta euskaraz.

Iraolak azaldutakoaren arabera, egindako galderetako bat izan da ordura arte udal gizarte langileekin harremanetan zertarako jarri izan diren. Gehienek adinekoen zerbitzuei buruzko informazioa jasotzeko jo dute bertara, zenbaitek mendekotasun balorazioa egiteko eta besteek prestazio ekonomikoaren inguruko informazioa eskuratzeko.

 

Datu zehatzak

Jasotako emaitzek adierazten dutenez, 70 urtetik gorakoen %75ak uste du “osasun ona” daukala eta beste %25ak, berriz, “halamoduzkoa”. Harremantzeko garaian, familia da ingurune hurbilena, eta %70a ia egunero egoten da haiekin. Telefonoz aritzea ere oso ohikoa da, are gehiago lagun eta taldeetako kideekin, haiek elkartzeko ohitura gutxiago izan arren, modu horretara mantendu egiten baita harremana.

Horrekin lotuta, gehienek erantzun dute “inoiz” ez direla sentitzen bakarrik, %30ak, aldiz, “batzuetan” esan du. Bakardade momentuez galdetuta, etxea, gaua eta bakarrik dauden uneak aipatu dituzte. Dena den, galderak erantzun dituztenen ia %96ak adierazi du maitatua sentitzen dela.

 

 

Adinekoen artean, diru iturri nagusia erretiro-pentsioa dela –gizonetan batez ere– eta ondoren alarguntasun pentsioa –emakumeetan batik bat–. Adin horretakoen %75a gai da hileroko gastuak ordaintzeko, eta ia %25ak zailtasunak ditu. Hargatik, gutxiengo batek seme-alaben dirulaguntza jasotzen du; bada bestelakorik ere, hau da, batzuek seme-alabai edo egoera zailean dauden pertsonei ematen diete laguntza.

Kaleko etxebizitzetan bizi da herriko adindun kopuru handiena, eta gehienek jabetzapean dute. %65ak esan du ez duela oztopo arkitektonikorik etxean, bai aldiz, %35ak –eskailerak gehienetan–. Horiek adierazi dute laguntza beharko luketela oztopoak kentzeko.

Udal neurriak

Egindako diagnosiak azaleratu dituen zenbait egoerari aurre egiteko, udalak martxan dauzkan nahiz laster abiatuko dituen egitasmoak azaldu zituen Loidik. Ekonomikoki hilaren amaierara heldu ezin dutenei laguntzeko, udal ordenantzak aldatu eta dirulaguntza batzuk jarriko dira datorren urtean.

Osasun arloan, egun dagoen gimnasia taldea “erabiltzaileak dituen artean” mantenduko dela jakinarazi zuen. Horrez gain, ibiltzeko taldea sortuko dute. Monitore batekin, bakoitzaren beharretara egokituta, ibilbide ezberdinak egitea da asmoa. “Ariketa fisikoa egiteaz aparte, jendea etxetik ateratzeko dinamika sortzea da helburua”, azaldu zuen. Egitasmo berria datorren hilean abiatzea aurreikusten dute.

Azkenik, emakumeen ahalduntze taldeak aurten berriro indarraldia izan duela gogorarazi zuen Loidik. Urtearen amaieran berriro antolatzeko asmoa dute.