Gaur banatu dugu Mariñaken otar erotikoa. Eskerrik asko Maria eta Kepa!

Pandemia garai zail hauetan, taldearen jardunerako diru iturria behar genuen. Bizipoza aldarrikatzeko premia ere bagenuen eta horrela sortu zen otar erotikoaren proposamena.

Mugimendu Feministak bere aldarrikapenen artean askatasuna eta plazer eta gozamenerako eskubidea aldarrikatu ditu beti eta gogorarazi nahi genuen hori ere. Horrez gain, gure gizartean sexualitatea leku guztietan dagoela kontuan hartuz, dauden eredu eta imajinarioen gaineko hausnarketa kritikoa sustatu nahi izan dugu.

Boletoak saltzerakoan galdera eta adierazpen ugari egin dizkigute herritarrek: “Norentzat da otarra?”, “Zein gorputz edo genitalentzat?”, “Gizonentzat badago zerbait?”, “Nik jada ez dut behar!”, “Hori nire gizonarentzat hobeto niretzat baino”, “Norekin erabiltzeko?”…

Genitalizazioaren eta sexu orientazioaren gainetik, gorputz oso garela gogoratu nahi izan dugu; desira eta plazera ez direla ez genital kontua, ez adin kontua, ezta bikote izan ala ez izatearen kontua ere.

Norberaren eta kuttun dituzunen plazer, osasun eta maitasun adierazpide, dibertimentu eta jolas, sentsazio eta bizipen… Sexualitatea hori dena da. Gure bizitzan eta garapenean faktore garrantzitsua den heinean, gozatu eta etengabe ludikotasunetik ikasi eta disfrutatu dezagun!