Jubilatuen eta Ezinduen Elkartearekin eta kiroldegiarekin elkarlanean, Getariako Udalak sustatutako egitasmoa da Adin Bizi. Helburua da 65 urtetik gorako getariarren “mugikortasuna eta memoria lantzea eta pertsona horiek dinamizatzea eta sozializatzea”. Bihar zabalduko da izena emateko epea eta martxoaren 31, osteguna, arte egongo da irekita; izen-emateak bost euroko kostua izango du eta udaletxean edo Jubilatuen eta Ezinduen Elkartean egin behar da.

Partaideak astean bitan elkartuko dira; astelehenenetan eta asteazkenetan. 10:30ean hasita, ordu eta laurdeneko saioak izango dira, apirilaren 4tik uztailaren 28ra. Begirale baten laguntzarekin, hainbat ekintza egingo dituzte: “Irteerak, mantentze gimnasia, luzaketak, arnasketaren lanketa, musika, zoru pelbikoaren lanketa, memoria ariketak, jolasak, sukaldaritza eta ariketa fisikoa”. Ariketa horiek herriko eremu desberdinetan egingo dituzte, “kiroldegian, Jubilatuen eta Ezinduen elkartean eta kalean”.

Egitasmoaren abiapuntua, adin nagusiko 217 herritarrei egindako inkestaren emaitzak izan dira. Udaletik azaldu dutenez, ondorioen artean, “elkarrizketatuek, besteak beste, bakardadea eta jarduera fisikoa egiteko lagunarte baten falta sumatzen dutela adierazi zuten”. Hala, “behar horiei erantzun asmoz” jarri dute abian ekimen berria.

 

Lotutako albisteak: