Argia astekariaren 2.772 zenbakian Getarian pil-pilean dagoen gaia landu du Leire Artola Arin kazetariak. Hainbat elkarrizketetatik ateratako pasarteekin osatu du erreportajea, tartean Haritz Alberdi Arrillaga alkatearenarekin. Astekarian guztia jasotzea ezinezkoa denez, alkateak egindako ekarpenak getariarrekin konpartitzea aberatsa dela iruditu zaigu.

Zer balorazio egin du Getariako Udalak gazteek ostalariei egin dieten boikotari buruz?

Beti esan izan dut Getaria herri bizia dela. Askok buruan txertatuta duten iruditeriaz harago, Getaria sozialki, politikoki eta kulturalki herri dinamikoa da. Hori guztia kontuan hartu behar da horrelako ekimenak ulertzeko.

Bi aldeen (Sos herritarrak taldea eta ostalariak) elkarrizketa bidez irtenbidea topatu daiteke? Udalak bitartekari lanak egitea pentsatu du?

Elkarrizketarena ariketa polita izango litzateke. Praktika konplexua dela onartu arren, uste dut gai izan beharko ginatekeela geure iritziak partekatzeko eta parekoari entzuteko. Eta noski, hurbiltzen gaituzten gai horietatik abiatuta, bidea egiteko. Egoera honek ikasteko eta, etorkizunean, harremanak beste modu batean eraikitzeko balio beharko liguke.

Gu herriaren zerbitzura gaude, eta, bitartekaritza beharrezkoa dela uste izango balute, hor izango gaituzte; baina behar hori haiengandik atera behar delakoan nago.

Arazoa luzatu ez dadin, udalak zer proposatzen du?

Batak besteari entzutea, bakoitzaren iritziak ezagutzea, partekatzea eta batzen gaituen horretatik bidea egiten hastea. Askotariko erpinak izan ditzakeen aferari alde batetik zein bestetik eustea garrantzitsua dela uste dut.

“Heldu estatxa” kanpainaren baitan esan zenuen herriko merkatari, ekoizle eta ostalariak herritarren topagune eta bizitzaren eragile direla. Baina boikota dela eta gazte gehienak gutxiago joaten dira parte zaharrera. Topagunea aldatzen ari da?

Azken asteetan, 6 denda eta taberna bat itxi dira Getarian. Lehen sektoreko jarduerak murrizten ari dira. Beste leku askotan izaten ari diren arazoak antzeman dira gurean ere, eta benetan kezkagarria da. Uste dut geure-geurea den herri-nortasun bizi horri eutsi nahi badiogu, guztiok heldu behar diogula estatxari.

Sos herritarrak taldean batu direnek salatu dute tabernetako prezioen igoera ez dela jazoera puntual bat, baizik eta turismoari bideratutako herri ereduaren beste ondorio bat dela. Udalak ze iritzi du turismoaren eta herri ereduaren gainean?

Gaiari benetan ondo heldu nahi badiogu, askotariko erpinei begiratu behar diegu. Jarduera ekonomiko garrantzitsu horren baitan sare zabala dago osatuta, eta sare horren hari bakoitzari erreparatzea ezinbestekoa da. Horretarako, Udalak, modu ireki batean, turismo-estrategia garatzeko hausnarketa-prozesu bat sustatu zuen 2020an, gai horretan interesa eta kezka izan zezaketen herritarrekin. Ondorio batzuk atera genituen, eta, gure eskumen eta baliabideen arabera, ildo horretan urratsak egiten ari gara: bestelako etxebizitza-politika bat bultzatzen, bertako merkataritzaren garrantziaz jabetzeko lanketa egiten, lanpostu duinak sortzen, eta gure herriko errelatoaren ezagutza lantzen, besteak beste. Bestelako herri bat posible dela sinetsi eta bultzatu behar dugu.

Euskadiko Behatoki Turistikoaren datuek erakusten dute azken urteetan euskadiko kostaldera gero eta jende gehiago joaten dela, haietako asko (%87) gastronomia jarduerak egitera. Getariak zer eskaintzen die bisitari horiei?

Zabaldu den iruditeri horretatik aldentzen saiatuko naiz, hori ezagutzen baitugu, dagoeneko. Gure erronka, eta nahia, da herria egiteko ezinbestekoa den beste horretan zentratzea. Daukagun horretaz jabetu behar dugu. Herriak, komunitateak, egin duen eta egiten ari den hori bildu eta mahaigaineratu. Hau da, izaera propioa dugun herria garela erakutsi behar dugu.

Eta zer eskuratzen du turismotik? Zer etekin lortzen ditu herriak?

Bertako familia eta pertsona askoren sostengu ekonomikoa da turismoa. Lanpostu zuzenak sortzen ditu, eta baita zeharkakoak ere, aparkalekuen kudeaketarekin loturikoak, esate baterako. Herriko dendetan ere eragina du, eta lehen sektoreari esku bat botatzen dio. Pentsatzen duguna baino herritar gehiagok egiten du lan jarduera honen inguruan. Konplexua da.

Herri txikia izanik, neurriak hartu dituzue edo aurreikusi dituzue masa turismoa kontrolatzeko?

Gure txikitasunean hainbat egitasmo bultzatzen ari gara, bi ideia oinarri hartuta. Bata, egiten dugun gauza bakoitzak getariarron ongizatean eragitea, eta bestea, 2020ko hausnarketatik ateratako ondorioak inplementatzea.

Sos herritarrak ekimenetik kexatu dira Getarian bizitzea eta bertan bizimodua egitea gero eta zailagoa dela, turismoagatik herritarrak alde batera geratzen ari direlako. Beldur dira Iparraldeko kostako herrien gisakoak bihurtzeko. Udalak posible ikusten du hori, inertziak eramanda herri turistiko huts bilakatzekoa?

Zenbait gai kontuan hartzekoak dira, eta horiek une oro izan behar ditugu gogoan; ezin ditugu alde batera utzi. Are gehiago, esango nuke horretan ari garela, betiere gure eskumenen baitan. Baina iruditeri hori berrasmatzea ere garrantzitsua dela pentsatzen dut. Horrek izan behar du gure erronka, getariarrok hainbat mendetan osatu dugu auzolanaren ideia horretaz jabetzea, aniztasunak gurean duen presentziaz, itsasoari begira eraiki dugun nortasunaz, landa inguruko jakintzaz… Bestelako eredu baten zutabeetako bat izan daiteke.

Besterik aipatu nahi baduzu…

Bai, kontraesanez beteriko pertsonak garela. Bisitariak jasotzen ditugu, baina gu geu ere bisitari izaten gara. Kanpora begiratzeko joera izan ohi dugu, baina ez ditugu gure barneko lanak, etxeko lanak, egiten. Eta horri guztiari esker egiten dugu aurrera. Segi dezagun, bada, herri dinamiko bat izaten.