Getariako udalbatzar aretoan egindako aurkezpen ekitaldian, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Euskaraldiaren hirugarren edizioaren harira sinatu berri duten lankidetza-hitzarmenaren berri eman dute. Akordioaren baitan Euskaraldia dinamizatzeko kontratatutako hiru pertsonak ere aurkeztu dituzte: Peru Tolosa, Getariako eta Zumaiako dinamizatzailea; Eder Iturralde, Zarauzkoa; eta Miriam Garcia, Aiakoa eta Oriokoa.

Bertan izan dira eskualdeko hiru dinamizatzaileak, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea eta Haritz Alderdi Getariako alkatea.

Hitzarmenaren muina euskararen normalizazio bidean urrats bat gehiago ematea dela azaldu du Salsamendik. Euskaraldiaren bigarren edizioan, jada, Udal Elkarteak sinatu zuen hitzarmena Topaguneakin eta “elkarlanak emaitza oparoak ekarri” dituenez, aurtengoan ere errepidatzea erabaki dutela nabarmendu du Udal Elkarteko lehendakariak. Amonarrizek ere horrelako hitzaremenen garrantzia azpimarratu du: “Oso tresna baliagarriak eta giltzarriak dira auzoz auzo, herriz herri eta eskualdez eskualde, Euskaraldia aurrera eraman ahal izateko”.

Lanari ekiteko “ilusioz eta gogoz”

Hiru dinamizatzaileen izenean, Eder Iturraldek aitortu du “ilusioz eta gogoz” daudela Euskaraldia antolatuko duten herri batzordeak dinamizatzeko. Gaineratu du batzordeak Euskaraldiaren “bihotza eta arima” direla eta garrantzitsua iruditzen zaiela horiek “zaintzea eta indartzea”. Dagoeneko, hasi dira batzordeak aktibatzeko lanetan eta datozen asteetan eta egunetan egingo dituzte deialdi irekiak.

Batzorde “indartsuak” behar dituztela nabarmendu du Iturraldek “anitzak eta konpromiso maila desberdinak hartuko dituzten kideak”. Hala, herritarrei batzordeetara gerturatzeko deia egin die.

Aurtengo erronketako bat “pandemiarekin galdu genuen kale presentzia berreskuratzea” izango dela argitu du Zarauzko dinamizatzaileak. Ildo beretik aritu da Amunarriz: “2022a kalea euskararekin eta euskaraz berreskuratzeko urtea izan behar da… Pandemia dela-eta, hizkuntzak eta gure hizkuntz komunitateek asko nozitu dute”.

Hirugarren edizioa

Hitzez ekiteko garaia lelopean, datorren azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldia. Amunarrizen hitzetan, “helburua da, argi eta garbi, herritar eta entitate gehiagorengana heltzea”. Edizio berrian, gainera, “Euskaraldiaren eraginkortasuna sakontzea” izango dute xede; alegia, norbanako eta entitate bakoitzak “aurreko bi edizioetan lortutakoa bistaratzea eta gizarteratzea eta hemendik aurrera zein urrats eman behar diren zehaztea”.

Udara bitartean eta udaran, batzordeak lanean arituko dira “bai entitateekin harremanak egiten, ikusgarritasuna gizarteratzen eta kale pertzepzioa irabazten eta uda ostean, etorriko da herritarren aktibazioa”, azaldu du Amunarrizek. Bigarren edizioan bezala, norbanakoek ez ezik, entitateek ere parte hartu ahal izango dute. Beraz, aurtengoan ere ahobiziak, belarriprestak eta ariguneak egongo dira. Izena emateko epea datorren maiatzaren 18an zabalduko da.

Euskararen etorkizuna Getarian

Haritz Alberdi alkateak UEMAk orain gutxi argitaratutako euskararen kaleko erabileraren datuak izan ditu izpide eta nabarmendu du “baditugu etxeko lanak”. Izan ere, datu horien arabera Getariako kaleetan euskararen erabilera zortzi puntu baino gehiago jaitsi da, orain bi urte jasotakoekin alderatuz gero. Emaitzok “kezkagarriak” direla eta “tristura” sortu diotela adierazi du Alberdik: “Begi bistakoa da euskararen normalizaziotik urrun gaudela, ezin gaitezkeela despistatu eta Getarian ere zerbait egin beharra daukagula”. Hala ere, umeen %80ak baino gehiagok euskaraz hitz egiten duela eta kopurua gorantza doala ohartarazi du Alberdik. Etorkizunari begira, datu hoiek “itxaropentsuak” direla gaineratu du: “Umeetan dago etorkizuna, baita euskararena ere”.

Testuinguru horretan, alkatearen ustetan “Euskaraldiak aukera polita eskaintzen digu honi buelta ematen hasteko. Gure nahia izango litzateke hemendik hilabete batzuetara Getariako kaleetan tendentzia hori aldatu eta euskaraz gehiago entzutea”.

 

Lotutako albisteak: