Bi urteren ondoren, Alkate Txiki Eguna ospatzen ari dira gaur herriko umeak. 16:30ean, jolasekin ekin diote euren egunari eta 18:30ean Haritz Alberdi alkateak agintea eman dio, udaletxeko balkoian, Nhoa Eddarbiri. Arratsalde batez hark hartu du herriaren ardura, eta bidelagun izan ditu, zinegotzi gisa, Iker Barrenetxea, Ixel Zumeta, Elene Iribar, Izaro Urdangarin, Intza Esteban eta Uxue Azkue. Alberdik, udalbatzarra egin aurretik, arratsalde batez beharrean, asteburu osoz ardura hartzeko prest egongo liraketeen galdetu die.

Udalbatzar aretoak aspaldian ikusi gabeko itxura hartu du, jendez bete baita. Batzarra hasita, ikusleen artean zeuden umeek beraien galderak eta eskariak zuzendu dizkiete agintariei. Haietako batzuk onartu dira, besteak beste, tirolina Piraten parkean; txirrista, zabu eta rokodromoa jartzea eskolako jolastokian eta eskolako autobusarentzat geraleku egokiagoa bilatzea. Beste hainbat kontsultatzekotan geratu dira, ez direlako udalaren eskumenekoak, esaterako, moilan bainatu ahal izateko gunea jartzea. Beharrezkotzat jo ez direnez, atzera bota dituzte beste zenbait eskaera, horien artean, Sahatsagako parketik kiroldegi aurrekora txirrista handi bat jartzea.

Erabakiak jakinarazita, aretoa hustu eta udaletxearen kanpo aldean buruhandien zain geratu dira Getariako umeak. Urduri ikus zitezkeen, eta buruhandiak atera orduko, lasterka hasi dira Kale Nagusian barrena. Buruhandien aurretik ibili dira Gazte Alaiak taldeko txistulariak.

Ohi moduan, gauen amaituko dute umeek beraien eguna, izan ere, 20:15etik aurrera, afaria dute Berdura plazan.