Koronabirusa dela eta, azken bi urteetan, Euskal Jai Egunez izan ohi den trikilari gazteen txapelketarik ez da egin. Aurtengoan, ordea, bai, XXI. edizioa egingo da. Dagoeneko zabalik dago izen-ematea eta maiatzaren 19 osteguna arte egongo da irekita.

Interesatuek 943 89 60 24 telefono zenbakira deituta edo kultura@getaria.eus helbide elektronikora idatzita eman beharko dute izena. Txapelketa, berriz, maiatzaren 28an, larunbatean, Getariako Euskal Jai Egunean egingo da. 17:00etan hasita, Berdura plazan izango da trikiti saioa.

Parte hartzeko baldintzak

Txapelketa egunean, gehienez, zortzi bikotek parte hartu ahal izango dute. Bikote gehiagok emanez gero izena, aldez aurretik kanporaketa egingo da. 18 urteko edo adin baxuagoko trikitilari gazteek eman dezakete izena.

Bikote bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu: “Trikitia, pot-pourria (gehienez zazpi minutukoa) eta arin-arina, fandangoa edo porrusalda (bikote bakoitzak erabakiko du hiru horietatik zein jo)”. Parte hartzaileak baserritar arroparekin jantzita egon beharko dira.

Epaimahaiak ondorengo irizpideen arabera baloratuko ditu parte hartzaileak: “Piezen zailtasuna, bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta panderojolearen lana”.