Bi urteko etenaren ostean, Zaharren Omenaldi egunerako egitarau zabala prestatu du Tonpe Getariako Guraso Elkartea eta Lagunak taldeak. Hala, datorren ekainaren 5ean, Felisa Ganboa Gorostiza, Isabel Berasaluce Ucin eta Jose Azkue Iribar omenduko dituzte.

Goizetik hasita, ekitaldi ugari egingo dira. 09:30ean hasita, herriko kaleetan zehar, Getariako Musika Bandak diana joko du. 11:00etan, meza nagusia egingo da eta 12:30ean, Salbatore elizan, Getariako abesbatzak eta bandak kontzertua emango dute.

Ondoren, 13:45ean, moilan, Itxas Etxe jatetxearen aurrean, autobusa hartu eta Zumaiako El Txoko de Mikel Bermejo jatetxera joango dira bazaltzera. Bazkalostean, DJ Arosen eskutik, musika entzun eta dantza egiteko aukera izango dute. 20:00etan, herrira itzultzeko autobusa edukiko dute.

Bazkaritara joan nahi duenak aurrez eman beharko du izena. Horretarako, 20 euro ordaindu beharko ditu Kutxan edo Laboralean.