Euskal Herri osoak partekatzen duen itsas historiaren bidez, eta Elkanoren mundu biraren testuinguruan, “itsasoarekiko harremana berreskuratzea” izango du helburu Elkano Fundazioak, Albaolak eta Donostiako Euskal Itsas Museoak elkarlanean garatutako Elkano Itsas Herria ekimenak. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Donostian eta han izan ziren, besteak beste, Haritz Alberdi Getariako alkatea eta Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendaria.

Maiatzaren 26tik irailaren 18ra, Juanita Larando ontziak –XVIII. mendeko patatxe baten erreplika, belaz eta arraunez mugitzen dena, Albaolako Aprendiztegi ontzigintza eskolan eraikia– itsas zeharkaldia egingo du eta Bizkaiko, Gipuzkoako nahiz Lapurdiko hogei herri baino gehiagotan porturatuko da. Geldialdia egingo duen udalerrietan, itsas ondareari buruzko hainbat ekintza antolatuko dituzte. Getaria, irailaren 6an, Elkanoren Egunean, bisitatuko du.

Elkano Itsas Herriaren zeharkaldi kulturalaren osagarri, “itsas kulturak euskal gizartearen garapenean izan duen garrantzia” nabarmendu asmoz, erakusketa ibiltari bat egingo da. Erakusketa horrekin batera, itsasoa, nabigazioa, Lehen Mundubira, itsas ezagutza eta, oro har, Euskal Herriaren eta, bereziki, bisitatuko diren herrien itsas historiaren inguruko zenbait jarduera egingo dira. Horretaz gain, hitzaldiak, solasaldiak, bertsolariak, musika, dantza, ipuin kontalariak, tailerrak, dokumentalak eta ontzian nabigatzen ikasteko, Juanita Larandorekin irteerak antolatu dituzte.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, “Elkano herri baten itsas kulturaren isla da eta proiektu honen bitartez, ondare hori ezagutzera eman nahi dugu, zabaldu eta goraipatu, bizirik mantentzeak aberastu egiten gaituelako gizarte gisa, herri gisa”.

 

Elkano Itsas Herriaren ibilbidea

Maiatzaren 26tik 29ra Pasaian egingo den Itsas Festibalean hasiko du ibilbidea ekimenak. Ekainean, Bizkaira lekualdatuko da eta bertan, hamar bat herri bisitatuko ditu; besteak beste, Ondarroa, Bilbo, Portugalete, Elantxobe eta Lekeitio. Uztailean, Gipuzkoara itzuliko da eta, beste zenbait udalerriren artean, Mutriku, Deba, Zumaia eta Orio bisitatuko ditu. Gero, Hondarribiara joango da eta uztaila bukaeran, Txingudiko badia inguruan, Urmuga elkartearekin eta EuskarAbentura espedizioarekin batuko da. Ondoren, Lapurdin sartu eta Azkaingo porturaino iritsiko da.

Atsedenaldi txiki baten ondoren, abuztuan bere ibilbidea jarraituko du Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldeetan, aurretik bisitatu ez dituen herrietan. Irailean, Getariara etorriko da eta Donostiako Euskal Jaietatik pasa ondoren, Ziburun eta Donibane-Lohizunen egingo diren Europako Ondare Jardunaldietan amaituko du zeharkaldia. Ibilbidean sar daitezen, oraindik, antolakuntza beste herri batzuekin harremanetan dago.

 

Argazkia: Elkano Fundazioa