Maiatzaren 19an, ostegunean, energia berriztagarrien komunitateei buruzko bilera irekia antolatu du Getariako Udalak, Goienerrekin elkarlanean. 19:00etan hasita, Ulpiano aretoan egingo da bilkura. Beste zenbait udalerritan bezala, Getarian ere energia berriztagarrien komunitateak sustatu eta horiek herritarrekin eta beraien parte-hartzearekin sortu nahi dituzte, “herritarrak beren energiaren erabakitzaile eta arduradun egiteko”.

Komunitate horiek transizio energetiko demokratikoago baterantz lagunduko duten “figura garrantzitsuak” direla nabarmendu dute. Helburua da partikularrek nahiz enpresek energia kudeatzeko eredu berritzaile horretan urratsak ematea: “Auzokideen, administrazio publikoen nahiz enpresa txikien eta ertainen arteko lankidetzatik sortzen dira eta horien guztien elkarlanetik, tokian tokiko energia berriztagarri eta garbiak erabiltzea du helburu”. Komunitate energetikoek hainbat onura dituztela gogorarazi dute, “besteak beste, pobrezia energetikoa saihestea, energia kostuak jaistea eta ziurtasun energetikoa bermatzea”.

Bilerara bertaratu ezin baina emango diren pausoen berri izan nahi dutenek kontakturako datuak bidal ditzakete graxi.arregi@goiener.com helbide elektronikora, Getaria EBK kontzeptua jarrita.

Iturzaetan eguzki plakak jartzeko esleipena

Martxan da Iturzaeta Herri Eskolan eguzki panelak jartzeko esleipen prozesua. Udalak 83.500,89 euroko aurrekontua bideratuko du proiektura eta helburua da eskolan 60 kW-ko plaka fotovoltaikoak instalatzea. Lanak udaran egingo dira, uztailaren 1a eta abuztuak 31 bitartean.