Getariarrek, lehendik ere, bazeukaten abuztuan Japonian egingo den Kenpo Kaiko Munduko Txapelketara joateko gonbidapena. Joan den larunbatean, Beran (Nafarroa) egindako Kluben arteko Kenpo Kai Txapelketan lortutako emaitzei esker, ordea, txapelketa handirako sailkatu egin dira Itsaso Legorburu eta Judith Lazkano. Legorburuk azaldu modura, “Japoniara joatera gonbidatu egin gintuzten, baina orain, jada, sailkatu egin gara”.

Larunbatean, lan bikaina egin zuten getariarrek eta euren kategorian, modalitate desberdinetan, oso postu onak lortu zituzten: Juho modalitatean, Lazkanok lehenengo postua eta Legorburuk bigarrena eskuratu zuten; Katan, Lazkanok lehenengo postuari eutsi zion, Legorburu, berriz, hirugarren sailkatu zen; armekin egindako katan (mistoa), Lazkanok bigarren eta Legorburuk hirugarren egin zuten; eta azkenik, konbatean, Legorburu lehenengo eta Lazkano bigarren sailkatu zen.

Gipuzkoako Txapelketa Getarian

Gipuzkoako Karate Federazioak antolatuta, ekainaren 5ean, 09:30ean hasita, Sahatsaga Kiroldegian egingo da 2022ko Gipuzkoako Kenpo Txapelketa. Legorburu eta Lazkano ere lehiakideen artean izango dira.

Argazkia: Itsaso Legorburu