Bi urteko geldialdia izan da eta bihar berriro normaltasunera itzuliko da Euskal Jaia. Azken urteetan bezala, bezperan, Gure Txeru dantza taldekoen emanaldiak izan dira. Arratsaldean, umeen taldeak egin du erakustaldia, Gazte Alaiak txistulari taldekoen laguntzarekin.

Arratsaldean bezala, gaueko emanaldian ere bete egin da frontoia. Herrigintzaren beste erakustaldi bat izan da, beren onena emateko bateratu baitira Gure Txeruko dantzariak, Gazte Alaiak taldeko txistulariak, musika bandako kideak eta musika eskolako zein Salbatore Abesbatzakoak. Bestaldean, kaleko bizitzara itzultzeko amorratzen sumatzen diren herritarrak.

Itsasoa abiapuntu, itsasgora eta itsabeherez betetako ikuskizuna izan da, koloretsua eta erritmo bizikoa. Erakustaldiaren ondotik, festa giroa are gehiago zabaldu da frontoian zeudenen artean, ikusleak ere dantzarako prestatutako eremura irten eta kalejira egin baitute.