Peru Tolosa zumaiarra da Getariako eta Zumaiako Euskaraldiko dinamizatzailea. Ahalik eta Euskaraldi emankorrena izateko heburuarekin, dagoeneko burubelarri dihardu lanean bi udalerrietan. Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da eta xedea da herritarren hizkuntza ohiturak astintzea. ARTZAPE Tolosarekin izan da eta Getariari begira zein diren asmoak eta helburuak azaldu du. Horrez gain, datorren astelehenean, maiatzaren 30ean, 18:00etan hasita, Euskaraldiko batzordea eratzeko egingo den bilera irekira gonbidatu ditu getariarrak.

Zein da zure eginbeharra?
Nire helburua izango da Getarian, Euskaraldiaren dinamika bultzatzea: azaroaren 18tik abenduaren 2ra, Getaria Euskaraldiaren inguruan girotzea eta ahalik eta talde nahiz norbanako gehienengana iristea, haiek ere parte har dezaten. Ariketa sozial bat den momentutik, herriaren parte hartzea ezinbestekoa da. Dinamika ondo egiteko herritarren parte hartzea eta konpromisoa garrantzitsuak izango dira.

Eta nola dinamizatuko duzu herria?
Herriko talde gehienetara iritsi nahian nabil, kolektibo desberdinetara. Ederrena izango litzateke horietatik ordezkari bat lortzea batzorde handi bat osatzeko; gehiago edukiz gero askoz hobe, baina, gutxienez, ordezkari bat edukitzea garrantzitsua iruditzen zait. Batzorde handi horretatik, gero, talde eragile bat ateratzea izango litzateke asmoa.

Batzorde horren funtzioa izango da Euskaraldia ahalik eta bazter gehienetara zabaltzea. Mezuak zabaldu behar direnean edo zerbait egin behar denean, jakiteko zertan ari garen eta beraiek ere parte har dezaten, noizean behin edo ahal dutenean. Batzordeari ez zaio asterokotasunean biltzea eskatuko, baizik eta puntualki. Parte hartze minimo bat edukitzea eta Euskaraldia beraiena sentitzea izango da helburua. Gero, talde eragile bat egongo litzateke. Talde txikiago bat, asterokotasunean ez dut uste, baina, agian, bi edo hiru astetik behin elkartuko dena dinamikak egiteko.

Batzorde hori sortzeko bilera ireki bat egiteko asmoa duzu, ezta?
Bai, maiatzaren 30ean, 18:00etan, alondigan izango da. Parte hartzeko gonbidapena luzatzen diot interesa liezaioken edonori. Behintzat, aurkezpena ikusi eta gero bakoitzak erabaki dezala, parte hartu edo ez. Inor ez dugu ezertara derrigortuko. Beldurrik edo konplexurik gabe etor daitezela aurkezpenera eta ondoren, norberak erabakiko du zer egin.

Getariari begira, helburu zehatzik bai?
Euskaraldia herri bakoitzera moldatu behar da. Getarian, guraso diren gazteen artean euskara erabilera asko jaitsi da –kale neurketaren arabera, heldu gazteen artean, euskararen kaleko erabilera %76,2tik %62,2ra jaitsi da–. Euskaraldia da dinamika bat hizkuntza ohiturak aldatzeko eta Getarian arazo edo erronka hori dagoela ikusita, horri buelta ematen saiatzea izango litzateke helburu nagusia. Indar gehien adin tarte horretan jartzea eta horiekin ahalik eta ekintza gehien sortzea izango da asmoa; izan liteke, Euskaraldiaren entrenamendu modura, poteo bat egitea edo eskolan zerbait sortzea. Horretarako, guraso elkarteetan eta eskolan zerbait egitea proposatu da.

Horretaz aparte, herria mugitzea izango da xedea. Aurreko edizioetan, Euskaraldiaren batzordea nahiko hilda egon da. Korrikaren batzorderik ere ez zen egon eta gero, herria mugitu egin zen. Orduan, ea aurretik lan hori egiten dugun gero, Euskaraldia iristen denerako, denak ondo prestatuta eta girotuta egoteko, dinamika ondo egin ahal izateko.

Jada, ariguneetako izena emateko epea irekita dago, ezta?
Entitateen izen-ematea maiatzaren 18an hasi zen. Entitateak dira edozein elkarte, enpresa handi edo txiki, denda, talde… kolektibo bezala funtzionatzen dutenak. Euskaraldian gune bezala edo arigune bat sortuta parte hartu dezakete. Horiei, Euskaraldiaren dinamika ondo eramateko, jarraibide batzuk emango zaizkie. Kantitatean beharrean, kalitatean jarriko da fokua. Hala, arigune horietan dinamika ondo eramatea izango da xedea eta ez izatea, soilik, identifikagarria den txapa jartzea.

Getariako entitate batek izena eman nahiko balu, beraz, zabalik dago izen-ematea?
Hori da. Izen-ematea internet bidez egin behar da. Euskaraldiak intranet bat dauka eta bertan, aurreko edizioetan parte hartu zutenek erabiltzaile eta pasahitz bat daukate. Pasahitza ahaztuta izanez gero, berri bat eska daiteke eta ondoren, horrekin sartu. Ahal duenak bere kabuz eman dezala izena eta bestela, lagunduko diogu.

Zein dira datozen data garrantzitsuak?
Irailaren 19an irekiko da norbanakoen izen-ematea. Helburua da, egun hori iritsi bitartean, herria Euskaraldiaren dinamikan girotzen joatea. Herritarrek gogoa baldin badaukate, dinamikak, ekitzak, kontzertuak… egingo ditugu. Hala, festa giroan edo, behintzat, herrigintzan, Euskaraldia sustatuko dugu. Horretarako, egun desberdinak aprobetxa daitezke, esaterako, Elkanoren Lehorreratzea, estropadak edo Getariako festak.

Aurten, aurreko urteetan bezala ahobiziak, belarriprestak eta ariguneak egongo dira?
Bai. Aurten, belarriprestei garrantzia ukatu gabe, ahobizietan jarri nahi da fokua. Askotan, ahobizi modura jende askok ematen du izena baina gero, horietatik zenbatek eramaten dute dinamika ondo %100ean? Nahiz eta ahobizi sentitu eta bizitzan, egunerokotasunean, euskaraz egin, seguru nago gutako gehienok, egoera jakin batzuetan, askotan, gaztelera erabiltzera jotzen dugula. Horregatik, horri buelta emateko eta dinamika ondo egin dezaten, ahobiziei nahi zaie eman garrantzia.

Zein da ahobizien eta belarripresten arteko desberdintasuna?
Ahobizia izango litzateke lehenengo hitza, beti, euskaraz egiten duena eta belarriprest, nahiz eta euskaraz ondo ez jakin, elkarrizketa euskaraz eramateko prest dagoena. Ahobiziak konprometitzen dira lehenengo hitza beti euskaraz egitera eta ahal den egoera gehienetan, euskaraz hitz egitera. Horretarako, adibidez, badaude proposamenak; elkarrizketa elebidunak eramatea-eta. Ez dira ohikoak eta errazak baina badaude horrelako helburu txikiak ahobizientzat.

 

Lotutako albisteak: