Herrian erroldatuta daudenak lehenetsi, eta ondoren, hurrenez hurren, eskualdeko herrietan, EAEn eta beste autonomia erkidegoetan erroldatutakoak.

2017ko urriaren 19ko 5330 aginduaren bidez, ontzien amarralekuak emateko prozedura eta horien erabilera arautzen duen dekretua onartu zen.

Agindu horrek arauz kanpoko egoera erregularizatu, eguneratu eta amarralekuak erabiltzeko baimena emateko prozedurak arautzea helburu izan arren, getariar erabiltzaileen artean kezka eta egonezina sortu du, baita inguruko beste herrietako portuetan ere. Horren adibide dira egon diren salaketa judizialak edota tokiko erakundeek herritarrengandik jasotako iritzi eta babes eskaerak.

EH Bilduren ustez, ezinegonaren iturburua aginduaren 14. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak dira, besteak beste; izan ere, zozketa izango da amarralekuen banaketa erabakiko duen prozedura, eta ez ditu kontutan hartuko herriek  itsasoarekiko eta portuarekiko duten lotura kultural eta historikoa.

Bistan da azken urteetan kirol-portuak sustatu eta kirol-nabigazioa biziberritzeko aurrera eraman dituen proiektuek desoreka sortu dutela gure kostaldeko herri askotan: aisialdirako ontzi-flota handia, gorantz doan eskaera amaigabea… Hala, gure herriko portuko errealitatea guztiz aldatuz joan da.

Gure nahia irtenbidea bilatzen saiatzea da, eta bide horretan egiten ditugun proposamenak,  lehenik, udalean adostu eta, ondoren, portuko agintariei jakinaraztea. Eta noski, 5330 dekretuan beharrezko diren egokitzapenak egiten laguntzea.

Alde batetik, herritarrek lehentasuna izatea proposatzen dugu: herrian erroldatuta daudenak lehenetsi, eta ondoren, hurrenez hurren, eskualdeko herrietan, EAEn eta beste autonomia erkidegoetan erroldatutakoak.

Eta bestetik, Getariako Portua, gure nortasuna, ondare material nahiz immaterial bezala aitortua izatea, eta, gure bizimoduaren parte garrantzitsua den heinean, portua eta portuko zerbitzuak, herritarren onurarako izatea.

Azkenik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari eta Euskal Kirol Portuetako agintaritzari eskatzen diogu, Getariako Udal Portuko Batzordea sortzea, dekretuaren moldaketa herriko eragileekin batera egiteko, Portuen eta Itsas Garraioen legean jasotzen den bezala.

Mozioa, hurrengo asteartean, arratsaldeko 19:00 izango den osoko bilkuran eztabaidatuko da.