Goizean goiz, Gazte Alaiak taldeko txistularien dianak esnatu ditu getariarrak eta orduz geroztik, goiz osoan zehar, musikak ez du etenik izan. Baserritar jantzia soinean, festa giroa nagusitu da herrian. Haur nahiz helduz osatutako, musika eskolako trikitilari eta panderojole talde ederra ere herriko kaleak alaitzen ibili da.

Eguerdian, txistularien laguntzaz, plaza dantzak egin dituzte. Bien bitartean, eztarriari gogor eraginez, hainbat herritarrek parte hartu dute irrintzi lehiaketan. Irabazleak Uxue Ulazia eta Maria Vilches izan dira. Horiei, sari modura, Haritz Alberdi alkateak eta Itziar Larrañaga Euskara eta Kultura zinegotziak zapi bana eman diete.

Festak ez du etenik eta arratsaldean, 17:00etan hasita, Trikitilari Gazteen Getariako 21. Txapelketa egingo dute Berdura plazan. Ondoren, 19:00etatik aurrera, Usurbilgo zanpantzarrak ibiliko dira kalez kale eta Kuxkuxtu txarangarekin kantu-jira egingo da. 22:30ean, berriz, Bada Giro! taldearekin erromeria izango da plazan. Horrez gain, 23:00etan hasita, Shibari eta Dena taldeek kontzertua emango dute gaztetxean.