Aurreko urtean bezala, ekaineko lehen egunarekin batera martxan jarriko da udako aparkaleku sistema eta irailaren 30a arte egongo da indarrean. Hala, eranskailurik ez duten herritarrek TAO zerbitzua ordaindu beharko dute portuan aparkatzeko eta herriaren goiko zatiko zenbait eremutan ezin izango dute aparkatu; hain justu, baimendu bezala markatutako aparkalekuetan. Eremu horiek Akerregi, Potzuaga, Erruera, Cristobal Balenciaga, Krixketaneko Iturrigaina eta Lormendi kaleak dira. Eranskailua dutenek, berriz, herri osoan zehar, baita portuan ere, ordaindu gabe aparkatzeko aukera izango dute.

Ibilgailuen tasa Getarian ordaintzen dutenez gain, ondorengoek ere eskuratu dezakete eranskailua: tasa ordaindu ez arren, herrian erroldatuta daudenek, etxebizitza bat dutenek zein, gutxienez 30 egunez, etxebizitza bat alokairuan hartzen dutenek. Horiek, ordea, 30 euroko kuota ordaindu beharko dute denboraldiko eta ibilgailu bakoitzeko.

Herrigunean jarduten duten langileek ere baimena izango dute ibilgailua aparkatzeko, orain arte bezala, moilako eremuan. Horiek 15 euroko kuota ordaindu beharko dute denboraldiko eta ibilgailu bakarrarentzako eranskailua eskuratu ahal izango dute. Etxez-etxeko konponketetarako eta antzerako lanak egin ahal izateko, errepidetik gorako eremuan badira, doako aparkaleku baimena emango du udalak.