X. Floren Memoriala Futbito Txapelketako finalak jokatu dira gaur arratsaldean herriko frontoian eta Sahatsaga kiroldegian. Tentsioa eta ezjakintasuna izan dira nagusi azken unera arte norgehiagoka nagusian, hau da, Astillero eta Balearriren artekoan. Izan ere, jokaldi baten ondotik, partida berotu egin da eta etengabeak izan dira pistako zein aulkiko jokalarien arteko ika-mikak. Harmailetan zein pistaren albo batean zegoen zalegoak ere mantendu du tentsioa.

Faltaz heldu dira bi taldeen lehen golak, eta ondoren, Astillero aurreratu egin da bi aldiz. Partida amaitzear zela, 3-2ko emaitzarekin, area ertzeko falta bat azkar atera eta aldeko penaltia lortu dute Balearrikoek. Hura sartuta, hirunakoarekin amaitu da partida. Luzapenean ez dute golik sartu eta penaltietan, Astillero gailendu da.

Aurrez, Kopako finala jokatu dute Kaia/Kaipek eta Xaguk. Lehenbizikoek 4-2 irabazi dute eta Kopako garaile dira. Ligako 3. eta 4. postuak argitzeko norgehiagoka ere berdinketarekin amaitu da eta penaltietan, Iribarrek irabazi du. Beraz, Iribarrek hirugarren amaitu du txapelketa eta Txokok laugarren.

 

Lotutako albisteak: